ITSASOA
WCT zirkuituko seigarren proba New Yorken izango da eta milioi bat dolar banatuko ditu lehiakideen artean
Haritz LARRAÑAGA I
Aurtengoan 11 txapelketek osatuko dute ASPko WCT zirkuitua. Ohiko leku garrantzitsuez eta urtero aldatzen den Rip Curl Search txapelketaz gain, bada berrikuntzarik ordea.
Seigarren proba, irailaren 3a eta 12a bitartean egingo dena, New Yorken egingo da.
Lehen aldia izango da goi mailako txapelketa bat AEBetako ekialdean egiten dena. Ez da aurrez inoiz AEBetako kostalde atlantikoan halakorik izan; beti mendebaldean egin izan ohi dira txapelketak, Kalifornia inguruan batez ere.
New Yorkeko kostaldeko Long Island irlaren hegoaldean aurkitzen den Long Beach hondartzan egingo da txapelketa eta inoiz izan den diru saririk handiena izango da jokoan.
Lehen aldia izango da, horrenbestez, ohiko sariak areagotuko dituztela. Gainontzeko proba guztietan 425.000 dolar banatzen dituzte lehiakideen artean. Txapelketa honetan, ordea, milioi bat dolar banatuko dituzte guztira. Iaztik parte-hartzaileen kopurua murritzagoa dela kontutan hartuta (34 lehiakide), sariak sekulakoak dira.
Kelly Slaterrek AEBetako kostaldea ongi ezagutzen du, batez ere ekialdekoa. Izan ere, Floridakoa da. Aurten ere zirkuituan izango da eta honela mintzatu da proba honengatik galdetu diotenean: «Gogoan dut gazte nintzela nire anaia Sean eta lagunekin Long Islandeko kostaldean olatu onak hartu izana. New Yorkeko txapelketa horretan parte hartzeko gogotsu naiz, lehiakideok inguru haietako olatuak eta giroa ezagutzeko parada izango baitugu. Aspalditik dago Long Islanden surfa errotua eta surf denda on ugari ere badira. Atsegina izango da».
New York hiria Napoli edo Madril hirien latitude berean aurkitzen bada ere, bertako klima hotzagoa da orokorrean, kontinente amerikarretik datozen haizeteek aire hotza eramaten baitute eta horrek giroa heze bilakatzen baitu. Itsasoarekiko hurbiltasunak barrualdean baino tenperatura epelagoak izatea ahalbideratzen duen arren, negua oso hotza izaten da eta elurra erruz egiten du.
Irailean tenperatura maximoa 24 gradukoa da eta minimoa, berriz, 15 gradukoa batez beste. Eguraldia, beraz, ez da aitzakia izango. Olatuak izatekotan, ikuskizuna ziurtatuta dago. Txapelketa bitxia izango da bederen eta leku berri bat ezagutzeko aukera emango digu.