GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

«Hori BESTEA da»

 

Surflari ernegatua I

Gogoan dut Donegallen ezagutu nuen irlandar bat. Egunez tipo serioa zen, zuzena, isila, apala. Gauean pub batean ikustean beste bat zirudien; alaia, hiztuna, abeslaria. Behin berarekin topo egin eta aurreko gauean berarekin izandako hitzak gogorarazi nizkion. Ez zen oroitzen. « Ez, hori ez nintzen ni, hori BESTEA da», erantzun zidan. Grazia egin zidan erantzunak, BESTEA deitzen baitzion gauetan izaten zuen bere izaera eraldatuari.

Australian izan den surflari onenetako batek ere gauza bera esan du egin berri dioten elkarrizketa batean; «hori BESTEA da».

Peter Drowing surflari iraultzailea izan zen 70eko hamarkadan. Taula txikiak agertu zirenean surf egiteko modua erradikalagoa bilakatu zen eta erradikaltasun hori mundu ikuskera orokor batekin ere ezkontzen zen zenbaitzuen kasuan. Norberaren berezko izaerak eta estiloak bat egin behar zuten olatu gainean eta horrek karisma handiko pertsonaia bilakatu zituen surflari asko.

Peter Drowynen hitzek oihartzun handia izan dute Australiako surf komunitatean. Oso kritikoa izan da eremu askotan. Australiako “Tracks” surf aldizkarian esandakoek eztabaida interesgarriak sortu izan dituzte. Izan ere, gurean diren surf aldizkariak ikusita harrigarria izan arren, “Tracks” aldizkarian gaiak sakon jorratzen dituzte.

Berriki sexu aldaketa egin du Peterrek eta egun Westerly Windina du izena. Peterrez hirugarren pertsonan mintzo da, nire lagun irlandarra bezala. «Surfa zen Peterrek eskura zuen terapia eraginkor bakarra. Lehorrean, bere konfiantza behin eta berriz birrintzen zen», dio Westerlyk.

Interesgarria dirudi aferak. Olatu batek ez du pentsatzeko sobera denbora ematen; bat-batean ekitera behartzen zaitu, ez dago antzezteko betarik, berez zaren bezala jokatzera behartuta zaude. Beraz, BESTEA da surf egiten duena. 1970ean Makahan munduko txapela irabazi zuena ez zen Peter Drowyn izan, BESTEA baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo