Oihane Perea nagusitu da Arabako lehen kanporaketan
Abiatu da dagoeneko Arabako Bertsolari Txapelketa; hasi da botila betetzen. Larunbat gauean jokatu zen lehenbiziko kanporaketa Laudion, eta hainbat bertsozaleren berotasunean egin zuten kantuan sei protagonistek. Beterano bat, Oihane Perea, gailendu zen.
GARA |
Joan den larunbat gauean, Laudioko Basalarrina elkartean, hasi zen aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketaren ibilbidea. Lehenengo kanporaketa jokatu zen bertan. Bertsozale Elkartekoek kontatu digutenez, Aiarako Bertso Eskolakoek bertaratu ziren 60 bat lagunei afari goxoa eman ostean, saioa giro onean hasi zen. Afal ostean ere bertsozale andana bildu zen kantuen hotsera eta azkenean 80 bat pertsonek txaloz bete zuten elkartea.
Ainhoa Comas eta Bingen Sainz gazteek debut ona izan zuten Rikardo, Betto, Oihane eta Igoaren aldamenean. Oro har nahiko saio txukuna egin zuten sei bertsolariek; urduritasunak gainditu eta ongi erantzun zieten Lierni Altuna aurkezlearen gaiei.
Hurrengo hitzorduak
Baina txapelketako saio guztietan bezalaxe, epai bat eman zen bukaeran. Kanporaketetako hiru epaileek, Patxi Aizpuruak, Mikel Fernandez de Arroiabek eta Hodei Lopez de Arkautek, honako sailkapena egin zuten: Oihane Perea (158 puntu), Xabier Igoa (142,5), Rikardo Gonzalez de Durana (139), Alberto Martinez Betto (134), Ainhoa Comas (132) eta Bingen Sainz (113,5). Pereak lortu zuen, beraz, finalerdietako lehenbiziko pasea, eta gainerakoek beste lau kanporaketetako puntuazioen zain geratu beharko dute pasatzen diren ala ez jakiteko.
Txapelketako hurrengo bi kanporaketak datorren asteburuan jokatuko dira; ostiralean Oionen, Azkenak elkartean, 20.30ean, eta larunbatean Ilarduian, ordu berean Herriko elkartean. Oionen Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa, Serapio Lopez, Iker Agirre, Amaia Lasaga eta Maialen Saenz de Okariz arituko dira kantari Beñat Goitia gai-jartzailearen esanetara. Ilarduian, aldiz, Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Ander Solozabal, Josu Kanpo, Iñaki Tena eta Unai Mendibil lehiatuko dira, eta Unai Gomezek emango ditu gaiak.
Astebete geroago, otsailaren 25ean, Ataurin kantatuko dute bertsolariek, antzinako eskoletan, eta 26an Elosun, Herriko elkartean. Finalaurrekoetara iristea lortzen dutenak Zigoitian, Aramaion eta Agurainen arituko dira martxoko asteburuak pizten.
Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, aurtengo txapelketaren botila betetzen besterik ez da hasi, eta apirilaren 2an Gasteizko Printzipal antzokian egingo den finalean gainezka egin artean gozatzeko asko gelditzen da oraindik.