«Tortura desagerraraziko dugu, baina ez ditugu haren biktimak ahaztuko»
Ama batentzat izan behar da / momentu hau nahiko latza / egun guztia tristuraz eta / gaua berriz oso beltza / zuretzat pozik handiena / zure ondoan banitza / lasaitu zaite, poztu barrena / pasako baita ekaitza». Errepresiotik ihesi, Ipar Euskal Herritik, bertso bidez helarazten zion maitasuna amari Joxe Arregik. Ekaitzaren ostean, ordea, ez zen barealdirik etorri zizurkildarraren amarentzat.
Oihana LLORENTE I
1981. urtean, Polizia espainolak atxilotu eta hamar eguneko inkomunikazioa jasan ondoren, hilotz aurkitu zuten Joxe Arregi Carabanchelgo espetxean. Azken hatsa hartu aurretik, bertan ziren euskal preso politikoek Arregiren lekukotza jasotzeko aukera izan zuten; «oso latza izan da» esaldiarekin laburbildu zuen zizurkildarrak polizien eskuetan emandako hamar egunetan pasatako sufrikarioa.
Hiru hamarkada luze igaro dira gertakari lazgarri hartatik, baina bere izena daraman enparantzan atzo ozen aldarrikatu bezala, «euskal herritarrek ez dugu tortura ahaztuko». «Tortura desagerraraziko dugu, baina ez dugu sekula ahaztuko, haren biktimek ere izen eta abizenak dituztelako», nabarmendu zuten bertan.
Joxe Arregiren erretratu erraldoi baten aldamenean, lagun andana batu ziren atzo eguerdian Zizurkilen, torturaren biktimak oroitu eta omentzeko.
Zizurkildarra gertutik ezagutzen zuten omenaldira bertaratutako askok. Ekitaldian ipinitako bideoek bere bizitza laburraren pasadizo eta anekdota ugari ekarri zituzten gogora, askoren memoria freskatuz.
Gazte belaunaldiek ez dute Arregi ezagutzeko beta izan, baina bai, ordea, tortura eta inkomunikazioa ezagutzeko. Zoritxarrez, «30 urteren buruan oraindik ere Estatu espainolak tortura erabiltzea» gogor deitoratu zuten bertaratutakoek, eta «infernu horretatik» igarotako euskal herritarrak milaka direla salatu zuten. Arregirekin gertatu bezala infernu horretatik ateratzerik izan ez zuten Gurutze Iantzi, Xabier Kalparsoro, Esteban Muruetagoinea eta Mikel Zabaltza izan zituzten gogoan une horretan, eta txalo zaparrada itzela eskaini zieten bai beraiei bai beraien senideei.
Inkomunikazioak eta legedi antiterroristek tortura «ahalbidetzen» dutela salatu zuen Zizurkilgo ezker abertzalearen izenean hitza hartu zuen lagunak. Eta, poliziez harago, torturaren atzean politikariak, epaileak, auzitegiko medikuak eta kazetariak daudela salatu zuen. «Politikariak torturari bide ematen dioten legedi bereziak onartzeagatik-azaldu zuen agertokitik-, mediku eta epaileak tortura zantzuen aurrean beste aldera begiratzeagatik, eta kazetariak tortura ezkutatzeagatik, denak dira torturaren konplize eta arduradun», nabarmendu zuen.
Euskal Herria bizirik eta bere eskubideen aldeko borrokan zutik baldin badago, «Arregi eta gainontzeko gudariek egindako ekarpenari esker» dela defendatu zuen hizlariak. Alabaina, Euskal Herrian prozesu demokratiko bat martxan jarri den bitartean Estatu espainolak tortura «ezker abertzalea txikitzeko, zatitzeko eta etsipenean erortzeko» erabiltzen duela ohartarazi zuen.
Egoera ikusita, herritarrak torturaren kontra egitera deitu zituen. Era berean, prozesu demokratikoa «azkartzera» deitu zituen, «herri honen eskubideak bermatuak izan daitezen».
Ekitaldi sentitua izan zen zizurkildarrek prestatutakoa. Arregiren bizitza laburra hiru bideotan laburbildu zuten, lagun arteko anekdotak ahaztu gabe.
Gazte-gaztetik euskara eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua izan zen Arregi. Alabaina, txistua jotzen ikasteko saiakera handiak egin zituen arren, azkenean ikasterik ez zuela izan aitortu zuen haren txistu irakasleak. Arregiren ahaleginei esker Zizurkilgo lehen dantza taldea eratu zela ere eman zuen jakitera. Dantza taldea harekin jaio eta harekin hil zen, ordea.
Torturaren aurkako argia
Parranda eta neska kontuak ere airatu zituen ipinitako bideoak, baita Beriain mendira egindako irteeran galdu zeneko anekdota ere. 1977an, hartutako konpromisoek Lapurdira eraman zuten; lau urte beranduago, 30 urte besterik ez zituela, atxilotu egin zuten.
Plazan bertan zutik dagoen oroitarriaren aurrean agurra eskaini zioten dantzari gazteek, minutu gutxi lehenago ke beltza zerion suontziaren aldamenean. Lore sorta ederra jaso zuen Arregiren arrebak ere, «urteetan zehar erautsitako duintasunagatik».
Zizurkilekoa ez zen izan Arregiren hilketa lazgarria gogoan izan zuen ekimen bakarra. Izan ere, makina bat mobilizazioa egin ziren Euskal Herrian barrena. Hego Euskal Herriko hiriburuetan, adibidez, manifestaldi jendetsuak izan ziren; Iruñean, gainera, torturaren kontra ekiteko ekimen berri bat aurkeztu zuten. Hain zuzen ere, zerrenda beltzak eta torturak salatzeko astelehenero, 20.15ean, PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egiten duten senideek aurkeztu zuten ekimena. Azaldu zutenez, Nafarroan atxilotu eta inkomunikatzen duten lagun bakoitzeko kandela bat piztuko dute Gobernu Zibilaren aitzinean.
«Aitak eta amak torturaren aurka» lelopean egingo dute ekimena, eta, iragarri dutenez, argizariaren sua inkomunikazioak iraun bitartean mantenduko dute piztuta. «Atxilotuek eta euren senideek sufritzen duten iluntasuna eta amesgaiztoa argitzeko egingo dugu», adierazi dute gurasook kaleratu duten oharrean.
Portugaleten 300 lagunek errefusatu zuten tortura Arregiren heriotzaren 30. urtemugan. Oreretan, berriz, 250 pertsonek giza katea egin zuten herrian barrena. Ertzaintzaren jarrera «probokatzailea» salatu zuten errenteriarrek. Getarian 45 lagun bildu ziren elkarretaratzean, 80 Lesakan, 75 Oñatin, 60 Soraluzen eta 63 Hondarribian. Lizarran, berriz, 5o lagun bildu ziren eta tortura metodoen gaineko antzezpena ere egin zuten.
Laudion, aldiz, «PSOE=Tortura» dioen pankarta erraldoia jarri zuten herriko sarreran den harrobian, «PSOEk torturaren gainean duen ardura salatzeko». Solidarioen ekimenak ere izan dira egunotan, adibidez Arrasaten, Donostian eta Altsasun.
Amnistiaren aldeko mugimenduak tortura «erabaki politikoa» dela oroitarazi nahi izan zuen atzokoan. «Estatuko aparatu errepresibo guztien arteko lan banaketan ondo zehaztuta dago tortura. Moncloako bulegoetan erabaki, polizia etxeetan praktikatu eta Entzutegi Nazionalean erabiltzen da tortura», salatu zuen. Era berean, torturaren kontrako konpromisoak areagotzera deitu zituen alderdi eta eragileak, «ematen ari diren mugimendu politiko garrantzitsu hauen testuinguruan».