Aizkora I Urrezko lehiaketa
Arrospidek eta Mugertzak lortu dute lehen helburua
Leaburukoak eta Mutrikukoak finala jokatzeko txartela eskuratu dute.
Jon LEUNDA I
Arrospidek eta Mugertza II.ak lortu zuten atzo Urrezko Aizkorako finala jokatzeko estreinako txartela, Nazabal eta Jauregi mendean hartuz. Biko gipuzkoarra nagusi izan zen, eta amaieran garaipen nahiko erosoa lortu zuen.
Sei proba ezberdin egin behar izan zituen biko bakoitzak, eta azkenekoan bakarrik izan zen atzetik amaieran garipena lortu zuen bikoa. Kolpekakoan hasi ziren abantaila ateratzen Arrospide eta Mugertza II.a, eta horrelaxe joan ziren bosgarren lanera bitarte. Ordurako tarte polita eskuratuta zuten beraien alde, eta gauzak nahikoa garbi utzi zituzten.
Iraupen proban, ordea, Nazabal eta Jauregi oso ongi aritu ziren, eta alde dezentea lortu zuten beraien alde. Aldiz, alde hori ez zen finalean sartzeko nahikoa izan, ordura arte lortutako abantaila nahikoa izan baitzuten bai Leaburukoak eta baita Mutrikukoak ere finala jokatzeko txartela eskuratzeko.
Amaieran, egin beharreko lan guztiak burutzeko 21 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Mugertza II.ak, eta 22 minutu eta 6 segundo, berriz, Nazabalek eta Jauregik. Bigarren finalerdia datorren asteburuan izango da, eta bertan arituko dira egungo txapeldunak; hau da, Donato eta Ohian Larretxea. Aurrez aurre Azurmendi eta Atutxa II.a izango dituzte. Azken horiek izan dira finalerdietan aritu diren lau bikoetatik final-laurdenak jokatu behar izan dituzten bakarrak, izan ere, beste hirurak beren multzoetako irabazleak izan ziren. Atutxak eta Azurmendik, berriz, bigarren postua lortu zuten, eta, ondorioz, beste kanporaketa bat jokatu behar izan dute bigarren geratutako gainontzeko bikoekin.
Zilarrezkoa
Zilarrezko mailan ere ez zen ezusterik izan; faboritoek, Kañamarestarrek, alegia, lortu zuten finalerako txartela, Juan eta Juanillo Rodriguez mendean hartu ostean. Hauek ere lan ezberdinak egin behar izan zituzten, eta nafarrak izan ziren onenak, Manolo eta Julen Kañamares, alegia. Dena dela, segoviarrek ere ez zuten lan txarra egin, eta amaieran euskaldunak estutzen saiatu ziren, alferrikakoa izan bazen ere. Lan guztiak burutzeko Manolo eta Julen Kañamaresek 13 minutu eta 28 segundo behar izan zituzten, eta 14 minutu eta 31 segundo, berriz, Juan eta Junaillo Rodriguezek. Kañamarestarrek hilabete honetako azkeneko igandean jokatuko dute finala Dorronsororen eta Mugertza III.aren aurka.
Gazte mailako finala ere erabakita dago dagoeneko. Bertan, Saralegi eta Vicente II.a Otañoren eta Zabaletaren aurka neurtuko dira. Final guztiak otsailaren 27an izango dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12.00etatik aurrera.
Dezente kostatu da aurtengo urtean apustuak egitea, baina behin bat eginda, badirudi besteak ere hasi direla animatzen. Orain Zubizarreta azpeitiarra izan da desafioa jokatzeko deia egin duena. Bera hamar 60 ontzako inguru jokatzeko prest dago, betiere Hirugarren Mailako edo inguru horretako edozein aizkolariren aurka.
Apustua maiatza inguruan jokatu nahiko luke Zubizarretak, eta gainerako xehetasunak bilera batean lotu beharko lirateke. Horretarako, datorren larunbat eguerdian, 11.00etatik 12.00etara, Azpeitiko Mendizabal jatetxean izango da hitz egiteko . J.L.