GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Kurutxari eta Waltari izango dira final handian

p036_f02.jpg

J.L. I

Ez da izan inongo ezusterik, eta, hala, Waltari eta Kurutxari izango dira hilaren 27an Donibane Garazin jokatuko den Buruz Buruko finalean. Atzo finalerdietako ligaxkako azkeneko partidak jokatu ziren, eta bi faboritoek irabazi egin zuten.

Jaialdiko lehen partidan neurtu ziren Kurutxari eta Bonebeltxe eta faboritoak 40 eta 38 irabazi zuen, norgehiagoka arraro baten ostean. Neurketa boladaka joan zen, eta tanto ederrak huts handiekin nahastu zituzten. Biak heldu ziren finala jokatzeko aukerekin, nahiz eta Kurutxarik askoz ere aukera gehiago izan, eta presio hori asko nabaritu zen.

Bonebeltxe agintzen hasi zen, eta hamaikagarren kintzera bitartean aurretik ibili zen. Ondoren heldu zen Kurutxariren bolada, eta zortzi kintzetako tartea zabaldu zuen markagailua 30-22 jarriz. Hortik aurrera, berriro ere Bonebeltxek erreakzionatu egin zuen, eta gauzak estutzen joan zen, baina Andde Kurutxarik ez zion utzi aurkariri ezustea ematen, eta finalean sartu zen.

Neurketak 78 minutu iraun zituen, eta botetik irabazleak bi kintze egin zituen, eta bost Bonebeltxek. Jokoan 23 tanto egin zituen Kurutxarik eta 21 Bonebeltxek. Markagailua honela joan zen: 1-4, 6-6, 7-7, 8-8, 9-9, 11-11, 16-13, 25-20, 30-22, 30-29, 35-29, 39-32 eta 40-48.

Bigarren partidarako gauzek askoz garbiago ziruditen. Waltari ia sailkatuta zegoen, baina Harizmendik ere bazituen aukera batzuk sailkatzeko. Hala ere, gaur egun kubatarra besteak baino koska bat gorago dago, eta hori berriro ere agerian geratu zen; azkenean, 40-24 irabazi zuen 39 minututan.

Hasiera ona

Harizmendi ongi hasi zen, 0-2 aurreratu baitzen markagailuan. Aldiz, amerikarrak berehala berdindu zuen, eta partidari buelta emateko gai izan zen; azkenean, ez zuen inolako arazorik izan garaipena erdiesteko. Atzoko gakoa berriz ere botean egon zen, 18 egin baitzituen, eta saketik horrenbeste tanto eginda zaila da garaipena ez lortzea. Harizmendik sei tanto egin zituen lehen jokalditik. Jokoan Waltarik 14 tanto egin zituen, eta 8 Harizmendik. Galdu, berriz, 9 eta 7 egin zituzten.

Markagailua honela joan zen: 0-2, 2-2, 8-3, 11-5, 17-11, 26-13, 35-19, 38-20, 40-24. Finalerdietako ligaxka amaituta, honela geratu da sailkapena: lehenengo Waltari 3 punturekin; bigarren Kurutxari 2 punturekin; hirugarren Harizmendi puntu batekin, eta, azkena, Bonebeltxe punturik gabe. Hala ere, Bonebeltxeren lana aipagarria izan da, bere lehen parte hartzea izan baita Buruz Burukoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo