Anai Arteak presoen eskubideei buruzko engaiamendu zuzena eskatu die hautagaiei
Arantxa MANTEROLA |
2008ko bozetan egin zuen bezala, oraingoan ere Anai Artea elkarteak hautagai guztiak interpelatu ditu presoen eskubideen inguruan. Adierazpenetik harago, gainera, engaiamendu zuzena eskatu die gutunen bidez.
Hala, «Kontseilu Nagusiko ordezkaritza batek Pariseko Gobernuari eskakizun zehatzak aurkeztearen alde bozkatzeko» konpromisoa eskatzen die.
Hori ezinezkoa balitz, berriz, «Kontseiluko ordezkaritza bat -kontseilarien gehiengoa ordezkatuko ez balu ere- bultzatzera edo babestera» engaiatzeko eskaera egin die, beti ere helburu berberekin, hots, Gobernuari eskakizunok aurkeztea.
Hiru eskakizun
Hiru dira «hein berean inplikatuak diren Frantzia eta Espainiari» egin beharko lizkieketen eskabideak.
Lehena, «euskal preso politiko guztiak beren familietatik hurbilen dauden presondegietara hurbiltzea». Bigarrenik, «biziki eri diren eta, preso arruntei ezartzen zaizkien baldintza beretan, kondena betea duten presoak askatzea». Azkenik, «ETA erakundea, bere baitarik eta nazioartearen kontrolpean, existitzeari uzten dion unetik, euskal preso politiko guztientzat amnistia» aldarrikatzea.
Eskakizuna lagunduz, egungo egoeraz zenbait azalpen ematen dizkie kantonamenduetako hautagaiei preso eta errefuxiatuen eskubideen alde aspaldiko urteetan lanean diharduen elkarteak.
Horrela, Parisek zein Madrilek «euren prozedura-kodeak» bai eta Europak egindako «presondegi-gomendioak ere, gisa berean mespretxatzen» segitzen dutela gogorarazten die, «ETAk nazioarteko kontrolpean su-etena aldarrikatu badu ere, errepresio franko-espainiarrak bere horretan segitzen» duela nabarmendu aitzin.
Joan den urteetako eta azken hilabeteetako zenbait adibideren (GAL, euroaginduak...) errepasoa eginda, «egun, Espainiak biolentzia politikoaren desagertzea» lortzeko «eskubide demokratikoak errespetatzea eta alderdiak legeztatzea» ezinbestekotzat jotzen du Anai Arteak.
Presoena, gako nagusia
Presoen gaiari helduz, «gatazka humanizatzeko haien familietatik hurbiltzearen» alde egindako lan eta ekimenak azaldu eta «behin betiko aterabideari begira, presoen gaia gako nagusietakoa» izanen dela gaineratzen du bere azalpenean.
Amaitzeko, hautetsiak «lurralde baten ordezkariak izateaz gain, bertako biztanleenak ere» badirela gogorarazi ostean, haien arazoez arduratzeko duten erantzukizunari heltzera dei egiten du.