GARA > Idatzia > Ekonomia

Sare elektriko adimenduak jarriko dituzte Bilbon eta Portugaleten

Lakuak eta Iberdrolak akordioa sinatu zuten atzo, Bilbon eta Portugaleten sare elektriko adimendunak jartzeko. 1.100 transformazio zentrori puntako tresneria elektrikoa gehituko diete eta 230.000 kontagailu berrituko dituzte. 60 milioi euroko aurrekontua du proiektuak.

GARA |

Bilbon eta Portugaleten sare elektriko adimendunak jartzeko akordioa sinatu zuten atzo Lakuako Gobernuak eta Iberdrolak. 60 milioi euroko aurrekontua duen proiektu honetan Lakuak «gastu ekonomiko eta teknologikoetan» parte hartuko du, Europa Press agentziak zabaldu zuenez.

Hala, 1.100 transformazio zentro egokitu, eta puntako tresneria elektrikoa gehituko diete. Era berean, Bizkaiko hiriburuko eta Portugaleteko 410.000 biztanleri zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu berrituko dituzte. Aurreikuspen hauek jasotzen ditu, besteak beste, Lakuak -Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez- eta Iberdrolak atzo Bilbon sinatu zuten akordioak.

Erakundeotako ordezkariek esandakoaren arabera, sare adimendunek zerbitzuak urrutitik eskaintzea ahalbidetuko dute, esate baterako, neurketa-tresnen irakurketa egitea, kontratuak sortzea nahiz bertan behera uztea edota kontrataturiko potentzia aldatzea. Era berean, bezeroek zuzenean eta denbora errealean beren kontsumo datuen berri izateko aukera izango dute. Modu honetan, eta behar den araudi aldaketa egingo balitz, etorkizunean tarifa malguak erabiltzeko aukera izango lukete bezeroek.

Auto elektrikoa

Era berean, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako lehendakariak adierazi zuenez, auto elektrikoen erabilpena hedatzen denean, horiek «askoz hobeto» erabiltzeko eta elikatzeko aukera emango dute sare adimendunek.

Horrekin batera, sareon garapenean euskal enpresek, bai eta Euskal Herriko Unibertsitateak nahiz Deustuko Unibertsitateak parte hartzea espero dutela esan zuen Sanchez Galanek.

ZERBITZUAK

Sare adimendunek zerbitzuak urrutitik eskaintzea ahalbidetuko dute, esate baterako, neurketa-tresnen irakurketa egitea eta kontrataturiko potentzia aldatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo