GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasunak mugak gainditu ditu eta Euskal Herriaren mezua zabaldu du

Euskal Herriko egoerak oihartzuna lortu du Suitzan, Irlandan eta Italian. Gazteen kriminalizazioaren aurkako eta legalizazioaren aldeko aldarriek gure mugak gainditu dituzte, eta Europara iritsi dira asteotan.

p015_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal Herria ez dago munduan bakarrik. Ugariak dira urtean zehar nazioartetik gurera iristen diren salaketa ekimen eta mezuak. Otsaila iristearekin batera, ostera, biderkatu eta indartu egiten dira elkartasun keinuok, Askapenak eta Euskal Herriaren Lagunak taldeak antolatzen duten Elkartasun Astea dela-eta.

Joan den otsailaren 7an abiatu zen elkartasun olatua, eta Italia, Suitza, Aragoi, Dublin eta Bordele busti ditu dagoeneko, Askapenak komunikabideei jakinarazi dienez.

Bi astetan Italian 40 bat ekimen egitea aurreikusten zuten, eta orain arte egin direnak arrakastatsuak izan dira, bereziki, Milanen Juan Karlos Alduntzinek, Giovanni Giacopuzzi idazleak, Marco Santopadre kazetariak eta Angelo Miottok «Peace Reporter»-eko editoreak eskainitako mahai-ingurua. Bertan, 80 parte-hartzaileren aitzinean, Euskal Herriko egungo une politikoaz eta elkartasun internazionalistaz mintzatu ziren.

Bosgarren Nazioarteko Elkartasun Aste honen bitartez, «gazteek, presoekiko solidarioek zein internazionalistek pairatzen duten kriminalizazioa» salatu nahi izan dute Askapenako kideek. Kriminalizazioa, ordea, Euskal Herriko mugetatik kanpo ere bizi dutela egiaztatu dute egunotan; izan ere, Euskal Herritik Italiako Friuli hirira hizlari gisa joandako Fakun Aznarezek Poliziaren jazarpena jasan du hiru egunez. Igorritako oharraren arabera, «kalez jantzitako zein uniformez jantzitako poliziak» izan ditu atzean hiru egunez eta horietako batek `egun on' ere esan ziola azaldu du Askapenak.

Suitzako Elkartasun Astea hasi besterik egin ez den arren, orain arteko ekitaldietan 400 lagunek parte hartu dutela jakinarazi du Askapenak. Elkartasun kontzertu ugari egin dituzte eta horietako batean ezker abertzalearen legalizazioa aldarrikatzen zuen pankarta bat zabaldu zuten.

Gazte independentistek egun bizi duten egoeraren gaineko hitzaldiak ere izan dira, Euskal Herritik joandako bi gazteen eskutik.

Suitzan bezala, gazte independentistek bira arrakastatsua egin dute Aragoin barrena ere.

Bordelen, berriz, Antzoki Handiaren aurrean elkarretaratzea egin dute ezker abertzalea legezta dezaten eta euskal presoak Euskal Herriratu ditzaten aldarrikatuz. Halaber, Estatu frantsesak Aurore Martinen kontrako euroagindua onartu izana errefusatu zuten.

Argentinan, gaur

Dublinen, Euskal Herriarekiko elkartasunez elkarretaratzea egin zuten larunbatean 30 lagunek. San Valentin egunaren bezpera zela-eta, «Euskal Herrian amodiorako denborarik ez» dagoela jakinarazi zieten bisitariei. Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko pankarta erraldoia ere eskegi zuten Halfpenny zubi esanguratsuan.

Gauen, berriz, Euskal Herriaren aldeko jaialdia ospatu zuten Euskal Herriko eta Irlandako musikak uztartuz.

Argentinan, azkenik, «Euskal Herria: una historia de lucha y resistencia» dokumentala ikusiko dute gaur Rosarion eta mahai-ingurua izango dute horren ostean Juna Ingallinella aretoan.

manifestaldia

Otsailaren 26an Euskal Herriarekiko elkartasunez manifestaldia egingo dute Milanen. Iaz 3.000 lagun batu ziren eta aurten «gehiago» biltzea espero du Askapenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo