GARA > Idatzia > Mundua

«Aberriarekiko maitasuna» aitzakia, ez du epaiketaz aipamenik egin Berlusconik

Silvio Berlusconiren aurkako epaiketa datorren apirilaren 6an hasiko dela jakin zenetik, jakin-mina piztu da Italiako lehen ministroaren adierazpenen inguruan. Halere, atzoko agerraldian ez zuen gaiaz mintzatu nahi izan, eta «kezka izpirik» ez duela baino ez zuen esan.

GARA

Boterea gehiegikeriaz erabiltzea eta adingabeak prostituziora bultzatzea, bi delituongatik epaituko dute Italiako lehen ministro Silvio Berlusconi apirilean, eta atzo baieztatu zuenez, epaiketak ez diola inolako kezkarik sortzen baieztatu zuen atzo. Era berean, bera buru duen Gobernuak legegintzaldi amaierara arte zutik iraungo duela ziurtatu zuen.

Asteartean jakin zen, «Ruby auzia» dela-eta, agintariak apirilaren 6an epailearen aurrean deklaratu beharko duela, eta atzo agertu zen aurrenekoz hedabideen aurrean. 74 urteko agintariak, halere, uko egin zion gaiaren inguruan hitz egiteari. Afera bukatutzat emateko adierazpen bakarra egin zuen. «Aberriarekiko dudan maitasunagatik, ez dut honetaz hitzik egingo. Esan dezakedan gauza bakarra inolako kezkarik ez dudala da», adierazi zuen.

Il Cavaliere-ren prentsaurrekoak jakin-min handia piztu zuen, baina Gobernuak ekonomia arloan lortutakoez baino ez zen aritu Berlusconi.

Cristina di Censo epaileak auzia berehala abiatzeko agindua eman eta ordu gutxira, bere Gobernuko kide garrantzitsuenekin bildu zen estatuburua, tartean, Umberto Bossi Lega Nord-eko buruzagia, oraingoz Gobernuan duen kide bakarra.

Bossi ere hedabideen aurrean mintzatu zen atzo, eta babes gehiagorik bildu ezean, Berlusconiren Gobernua berez eroriko dela ohartarazi zuen.

Aurreikusita zegoenez, atzo jaso behar zuten gobernuburuaren abokatuek auziaren inguruko txostena, defentsa prestatzeko. Atzo bertan «La Republica» egunkariak ezagutzera eman zuen iazko martxorako Berlusconik jakin bazekiela Kharima al-Marough gazte marokoarra adingabea zela.

Akusazioak salatu duenaren arabera, apirila eta maiatza artean izan zituzten sexu harremanak.

ITALIA, EPAITEGI

Silvio Berlusconi lehen ministroaren aburuz, Italiako epaileek herrialdea auzitegi erraldoi bihurtu nahi dute, bere Gobernuaren jarduna oztopatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo