«Sekula bai», bizitzari barre egingo dion Euskal kabaret irrazionala
Langabeziak bultzatuta elkartu, eta euskal ikusleria asperduratik esnatzeko bost aktorek sortu duten antzezlana da «Sekula bai!». Musika, dantza, antzerkia eta zinema, guztia umore dosi itzelez jantzita, euskal kabaret irrazional hau gaur estreinatuko da Bilboko Alondegian, Korrika Kulturalaren harira.
Ane ARRUTI
Barregirorako askapen komandoa bost lagunek osatzen dute. «Jo ta ke, barrez lehertu arte!» da euren oihua eta gaurtik aurrera ozen entzungo da Euskal Herriko txoko guztietan. Yoghurina Borova «dragqueen naziak», Galder Perez «aktore burusoilak», Lander Otaola «nerabe dekadenteak», Loli Astoreka «ospe handiko izar alkoholikoak» eta Mikel Losada «adimen urriko aktore atzeratuak» osatzen dute «Sekula bai!» antzezlana, eta aurtengo Korrika Kulturalaren barruan, lehenengo estreinaldia izango da gaurkoa. 20.00etatik aurrera Bilboko Alondegian -sarrerak Kalderapekon edo Bilboko AEK euskaltegietan egongo dira salgai 5 euroan- taularatuko dira, «arima eta bihotza ez ezik, larrua, gibela eta pankrea ere» bertan uztera.
Kaxiano, txakolina, behi mekanikoak, Forrest Gump, Josu haurtxoa, kalimotxoa... Guztiek dute tokia kabaret honetan. Itziar Lazkano izan dute zuzendari bost lagun hauek, eta Losadak, Perezek eta Otaolak idatzi dute orotariko eta aktualitateko euskal gaiak nagusi dituen testua. «Oso polita izan da idazketa prozesua. Niretzat lehenengo aldia zen hiru lagunen artean egiten nuela. Normalean kolektiboki idaztea nahiko zaila izaten da, baina hirurok ildo beretik joan gara eta modu berdinean nahi genituen kontatu gauzak. Idazterako orduan oso-oso ondo pasatu genuen. Eta nik uste gero emaitzan ikusten dela», azaldu zigun Perezek, Igorreko kultur etxean egin dituzten entseguetako tarte batean. «Sketxak idatzita genituen eta nexo bat falta zitzaigun. Horretarako sortu genituen koreografiak eta kantuak», erantsi zuen Otaolak. «Gu ere oso pertsona absurdoak gara eta obra ere halakoxe da». Koreografien arduradun Maitane Zalduegi izan dute.
«XXI. mendeko ikuskizun satiriko irrazionala», horrela definitu dute «Sekula bai!» kabareta. «Modu asko dago kabareta egiteko. Laugarren hormarik ez dago, eta hori da kabaretaren lengoaia. Bai, badirudi izan behar duela lentejuelekin, baina hau ere bada», azaldu zuen Perezek. «Estruktura moduan oso zabala da hitza», gaineratu zuen Astorekak. «Ez daukagu ez mahairik, ez edaririk, eta erre ere ezin da egin. Baina estrukturak, orokorki, badauka kabaretaren forma. Sagar dantza, arin-arina... sartzen ditugu. Baita sehaska kantuak ere. Folkloreko gaiekin jokatzen dugu».
Absurdoa bada ere, umorez beti
Helburua garbi dute bost aktore hauek, «dibertitzea, ondo pasatzea nahi dugu, bai guk eta bai ikusleek». Astorekaren esanetan, «umorea beharrezkoa da bizitza honetan. Faltan dagoen ez dakigu baina, bizitzea tokatu zaigun egoerarekin, irribarrea eta umorea ez da falta». Obra honetarako, eurak ere langabeziak lotu zituen, eta aurpegi onarekin eman zioten irteera egoera horri. «Abiapuntua hori izan zen», esan zuen Perezek. «Langabezian dauden bost aktorek muntatzen dute obra hau, komediante moduan ibiltzeko handik eta hemendik. Gero, hala ere, oso bitxia izan da egoera. Obra hau muntatzen hasi, eta hemengo denoi lanak eta lanak ateratzen hastea, dena bat. Ez gara kexatuko, baina oso gauza xelebrea izan da».
Hala, Astoreka, Losada eta Otaola pelikula baten errodajean dabiltza buru-belarri, Mario Onaindia politikariaren biografia oinarri duen «El precio de la libertad» pelikulan parte hartuko baitute. Astoreka Txirenitas emakume taldearekin ere ari da «La vida y sus cosas» ikuskizuna eskaintzen.
«Sekula bai!» Korrika Kulturalean estreinatzeak dituen abantailak direla-eta, esker ona agertu zuten bost aktoreek. «Oso ekoizpen independentea da. Babes hori behar izan dugu eta Korrikak eman digu. Estreinatu, estreinatuko genuke, baina sei-zazpi emanaldi ditugu lotuta Korrikari esker eta ez dakit bestela lortu ahal izango genituzkeen», esan zuen Perezek. «Mimatu egin gaitu, baina askatasun osoa eman digu, oso libre izan gara», erantsi zuen Losadak.
Gaurko Bilboko emanaldiaren ondoren, Korrika Kulturalaren testigua hartu, eta herriz herri ibiliko dira ikuskizunarekin. Dagoeneko itxita dituzten hitzorduak honakoak dira: martxoaren 18an Hernanin, martxoaren 19an Gasteizen, martxoaren 31n Eibarren, apirilaren 1ean Gernikan eta apirilaren 5ean Erandion. Hala ere, ateak eta telefonoak zabalik dituztela argi utzi zuten, Korrikaren antzera, Euskal Herriko plaza guztietan barrea sustatzen jarraitzeko.