GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

EUROPA LEAGUE

Errusiarren boterea neurtu behar du hutsuneen kanporaketak

GARA | DONOSTIA

Gaur arratsean osatuko da asteartean Arisek eta Manchester Cityk ireki zuten Europa Leagueko final-hamaseirenetako joaneko partiden jardunaldia. Hamabost neurketa jokatuko dira guztira eta bertan izango dira Txapeldunen Ligatik datozen zortzi taldeak ere.

Hainbat arrazoi tarteko, hutsuneak izango dira nagusi gaurko jardunaldian. Liverpoolek, esaterako, baliteke Luis Suarez -ezin du jokatu lehiaketa honetan- eta Andy Carroll -arazo fisikoak ditu- azken fitxaketak gabe jokatu behar izatea Pragako Spartaren aurka. Txekiarren artean, lehen fasean bost gol sartu zituen Wilfried Bony aurrelariak urtarrilean utzi zuen taldea.

Lehiaketan bost gol sartu dituzten beste bi jokalari Edinson Cavani uruguaitarra eta Giuseppe Rossi italiarra dira. Biak nor baino nor arituko dira gaur Napoliren eta Vila-realen arteko partidan. Txapelketako goleatzaile nagusia, ordea, Portoko Falcao kolonbiarra da, zazpi golekin. Sevillari gauzak zail jartzen saiatuko da Andaluzia aldean.

Beste hutsune bat David Luiz atzelariarena izango da. Benficatik Chelsea-ra joan berri da eta hankamotz utzi du talde portugaldarra Stuttgarten aurkako neurketarako. Lisboako Sportingek, bestalde, Glasgow Rangersi egingo dio bisita, Txapeldunen Ligatik datorren taldea, Rubin Kazan, Twente, Moskuko Spartak eta Basel bezalaxe. Adi errusiarrekin, Zenit eta Moskuko CSKA izan baitziren lehen faseko goleatzaile onenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo