GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Etorkinak eta euskara

Euskal Herriko hizkuntza ikasi nahi duten atzerritarrak, gero eta anitzagoak

Errusiara bizitzera joaten denak errusieraz ikasi behar izaten du, Finlandiara joaten denak finlandieraz. Gauza berdina gertatzen da munduko herrialde gehienekin; toki berri batera iristen dena herrialdera moldatu egiten da. Euskal Herrian egoera bestelakoa da, erdarekin, euskaraz jakiteko behar funtzionalik ez dagoelako. Hala ere, kanpotik etorri eta euskaraz ikasi nahi dutenen multzoa gero eta zabalagoa da.

p018_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Euskara batua gure hizkuntzaren eredu estandarra da, euskalkien arteko desberdintasunek sor lezaketen ulermen arazoak gainditzeko, eta idazketari eta irakaskuntzari begira, euskarri bateratua izateko sortua. Ondo funtzionatu izan du hizkuntza artifizialak, lurraldearen edozein puntutan hizkuntza-molde bera irakasten delako.

Azkenaldian, hizkera eta hizkuntza ugari entzun ditzakegu Euskal Herriko txoko guztietan. Hala ere, gure artean urteak eman ostean, haurrak D ereduan matrikulatzen dituzte etorkin askok, integrazioaren adibide argi bat da. Beste bat, argiagoa oraindik, iritsi eta bertako hizkuntza lehenbailehen ikasten hasten direnak.

Pertsona hauek gogoz aritzen dira jendearen harridurari barre eginez, egunez egun euskal gizarteak eskura jartzen dien aukeraz baliatzen, eta euskarari euren ñabardura ekartzen. Etorkinek argi dute integratzeko pauso garrantzitsuetako bat bertako hizkuntza ikastea dela, eta horregatik, ez diote inolako beldurrik euskara ikasteari.

Abdoul Mamodou Euskal Herrian lau urte daraman Mauritaniako mutil gaztea da. Arratsaldez elektrizitatea ikasten du, baina bere ametsa futbolaria izatea da. Goizetan, euskara ikasten du Legazpiko euskaltegian, atzerritarrez eta bertakoz osatutako talde batean.

Klasera zazpi ikasle joan ohi dira, baina asteazkenean Abdoul ez zen agertu. Ikasturte hasieran beste bi ikaskide zeuden taldean, brasildar bat eta pakistandar bat, baina lana topatu zuten eta euskara beste une baterako utzi behar izan zuten.

Egun horretan Abdoulen falta sumatzen bazuten ere, gogoan izan zuten denek eta egindako fitxak paretan zintzilika zegoen karpeta batean sartu zituzten. «Bakoitzak bere karpeta du, eta norbaitek kale egiten badu, bertan sartzen ditugu egindako ariketak hurrengo egunean jaso eta bete ditzan», azaldu zuen Axun Urtzelai irakasleak.

Gela berean biltzen dira hiru hizkuntza maila desberdinetan dauden ikasleak -bi pertsona hasiberriak dira- baina horrela egin behar izan dute taldea osatu ahal izateko. Guztiei batera gauza desberdinak irakastea zaila den arren, Axun oso pozik dago asko saiatzen direlako. Izan ere, nahiz eta klaseak derrigorrez bi ordukoak izan behar diren, hiru ordu joaten dira egunero. «Gela hau berezia da denetik dagoelako», baieztatu zuen irakasleak.

Manuel Garcia Zumarragakoa da baina orain dela gutxi hasi zen euskara ikasten. «Gaztetan Bartzelonan izan nintzen ikasten eta ez nuen izan denborarik. Nire familiak badaki euskaraz eta niri gustatzen zait, beraz, denbora ateratzen dut», adierazi zuen. Naeem Akhtar Pakistanekoa da eta lan bila etorri zen Euskal Herrira, eta bere esanetan, oso ondo bizi da hemen. Ikasi duen seigarren hizkuntza da euskara eta euskaltegira doa bertokoekin euskaraz hitz egin ahal izateko.

Miguel Angel Rodriguez Zamorakoa da eta aspaldi etorri zen Legazpira bizitzera. Entrenatzailea da eta euskara dakiten gaztetxoekin asko egoten da, seme-alabak ere euskaldunak ditu eta erretiratu zenetik denbora duenez gure hizkuntza ikastea erabaki du.

Hajar Dabouh neska gaztea Marokotik etorri zen bere senarrak Legazpin lana topatu zuelako. Alaba ikastolan dagoen bitartean, bera ere euskara ikasten hasi da, eta bere ustez, «Euskal Herrian bizi garenez, garrantzitsua da».

Jaime de la Ossak Kolonbiatik Euskal Herrira duela gutxi egin zuen salto, azaroan. Interneteko sare sozial baten bidez bikotea ezagutu, eta dena utzi zuen Gipuzkoara etorri eta berarekin ezkontzeko. Marisa Sainz, berriz, Legazpin jaio, hazi eta bizi izan da beti, baina frankismoa zela eta, ez zuen euskara ikasi. Bere seme-alabak euskaldunak dira, baita koadrilako lagunak ere, eta bere nahia haiekin euskaraz hitz egitea da.

Euskara ikasten hasten direnek esan ohi dute oso hizkuntza zaila dela. Hala ere, talde jator hau baikor dago eta ez du etsitzen. «Egunero hitz egiten baduzu ez da zaila, baina guk beti gure hizkuntzan hitz egiten dugu, eta horregatik kostatzen zaigu», azpimarratu zuen Naeemek.

Hajarrek ideia hori berretsi zuen, eta kontzentzazioa beharrezkoa dela gaineratu zuen. Manuelen ustez, euskara ez da zaila, ezezaguna baizik. «Parisera bazoaz hasieran zaila da kaleetatik ibiltzea, baina bi hilabete pasa direnean erraza da. Euskararekin berdin gertatzen da», aipatu zuen adibide gisara.

Jaimek hiru hilabete eskas darama Euskal Herrian eta horregatik pixka bat kostatu egiten zaio martxa hartzea. «Nik sekula ez nuke Kolonbia K-rekin idatziko», esan zuen. Euskara ikasteko gogoa hain da handia, ezen etxean telebista euskaraz ikusten duten. Hala, «Goenkale», «Mihiluze» eta «Keman» gustuko dituztela aitortu zuten ikasleek.

Irakaslearen esanetan, zailen egiten zaiena aditzen lehenaldia eta atzizkiak dira. Gainera, hizkuntza postpositiboa da euskara, hau da, ingelesak edo gaztelaniak preposizioak erabiltzen dituzte, baina euskarak alderantziz, atzean kokatzen ditu osagaiak (atzizkiak, kasu markak...), eta hori ulertzea kosta egiten zaie. Bestalde, norbaitek zerbait oker ikasi eta erabiltzeko joera hartzen badu, «fosilizatuta» gelditzen zaio akats hori, eta zuzentzea oso zaila izaten da.

Sua, ipurdia, gorria

Hainbeste kultura desberdin elkartzen direnean halabeharrez galderak sortzen dira. Irakasleak kontatu zuen duela gutxi «jaunartzea» hitza agertu zela ariketa batean, eta hori zer den azaldu behar izan zietela kristauak ez diren ikasleei. Era berean, egun batean, musulmanek gainerako gelakideei azaldu zieten zergatik ezin duten txerri haragia jan. «Euskaraz ari gara eta bat-batean sortzen dira kontuak. Asko hitz egiten dugu eta hori oso aberasgarria da», esan zuen Axunek, esperientzia honekin asko ikasten ari baita.

Askotan erlijioaz aritzen dira, baina beste gai batzuek ere badute tokia. Manuelen esanetan, sukaldaritza liburu bat idazteko adina errezeta bildu dituzte jada, herrialde desberdinetako janariaz sarri mintzatzen direlako. Marisak, berriz, euskaraz aparte, beste hizkuntzetako hitzak ere ikasten ari direla nabarmendu zuen. Hala, sua hitzak Marokon ipurdi esan nahi du eta Mauritanian gorria. «Izaeraz ere oso desberdinak gara denak; Abdoul eta Jaime oso irekiak dira, Naeem eta Hajar, berriz, gu bezalakoak, itxiagoak», gaineratu zuen.

Atzerritarrek ere euskaldunei buruzko iritzi propioa ateratzeko astia izan dute hemen bizi izan diren denboran. Naeemek, esaterako, uste du Pakistaneko jendea eta Euskal Herrikoak izaeraz nahiko antzekoak direla, jatorrak. Bestalde, azaldu zuen bere herrialdean emakumeek askatasun gutxiago dutela, orain «janzkera modernoagoa» erabiltzen duten arren.

Jaimek, aldiz, esan zuen euskaldunek hotzak izatearen ospea dutela, baina, bere ustez, lotsatiak besterik ez dira. «Etorri nintzenean beldurra nuen nire koloreagatik baztertuko ote ninduten, baina oso harrera ona egin zidaten eta horrek poza ematen dit», aitortu zuen.

Euskal Herrian... euskaraz?

Euskara zapalkuntza pairatzen ari da lurraldearen toki askotan, baina kanpotarrentzat gai arrotza da eta ez dute ondoegi ulertzen, gainerako gelakideak azaltzen saiatzen diren arren. Jaimerentzat euskara ikastea garrantzitsua da Euskal Herrian bizi delako eta aberasgarria delako, baina ez du ulertzen zergatik hemengo jendeak ez duen erabiltzen. Gainera, esan zuen ez dakitenek ez dutela aitzakiarik, bera iritsi eta hurrengo hilabetean hasi zelako euskaltegian.

«Alemanian alemanieraz hitz egin behar da nahitaez, baina Euskal Herrian ez dago euskara jakiteko beharrik, guztiek dakielako gaztelaniaz. Arazoa ez da jendearena, gobernuarena baizik, oso laguntza gutxi ematen ditu eta», salatu zuen Manuelek. Marisak iritzi bera du, «Euskaltegian ahal duten guztia egiten dute guri laguntzeko. Niri lotsa ematen dit euskaraz ez jakitea, nire hizkuntza delako, baina ezin izan dut lehenago ikasi».

Hizketan pozik ari ziren ikasleak, baina klasearekin jarraitzeko ordua iritsi zen. Asteazkenean lanbideen hiztegia ari ziren ikasten, eta argazkia ateratzearekin batera hitz berri bat ikasi zuten: argazkilari. Burua orri artean sartu zuten denek, nor-nori-nork famatuaren mundura begira, baina ikuspegia mundu osora zabalduz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo