Afganistanerako laguntzak estrategia militarraren menpe daude erabat
Aurreikusita dagoenez, apurka-apurka, 2014. urterako, AEBek eta bere aliatuek Afganistan utziko dute. Baina horien laguntzekin zer gertatuko den galdetzen hasiak dira herrialdean.
GARA
NATOren indarrek iragarri dutenez, 2014. urtean utziko dute Afganistan, baina zalantza ugari agertu dira nazioarteko laguntzaren eta hark utzitako ehunka milioi dolarren gainean, izan ere, horren gaineko erantzukizuna, apurka-apurka, Gobernu afganiarraren esku geldituko da.
Aliantza Atlantikoko buruzagiak iazko udan hasi ziren segurtasunaren eskumena Afganistango indarrengan uzten, eta prozesu hori 2014. urterako amaitzea espero dute.
Askotariko produktuz betetako erakustokiz josita, Mehtal Lameko merkatuak argi erakusten du Mendebaldeko proiektuek Afganistanen izan dezaketen eragina, arduradun estatubatuar eta afganiarren ustez.
Kabuletik eta Pakistango mugatik erdi bidean, Laghman probintzia, talibanez inguratuta egon arren, eskualde lasaitzat hartzen dute AEBek.
Mehtal Lamen, Afganistango beste 27 hiritan bezala, PRT akronimoarekin izendatzen diren berreraikitze lanak egiten ari diren taldeak daude. Haien betebeharrak askotarikoak dira: errepideak eraikitzetik, abereen intseminaziora.
Hamid Karzai presidente afganiarrak talde horiei eginiko kritikez aparte, Oxfam erakundeak, «bihotzak eta buruak irabazteko» estrategian kokatu zituen. Gisa horretako jokabideak Ameriketako beste herrialde batzuetako matxinaden aurkako borrokan ikusita daude, bertako bizilagunen babesa irabazteko. Laguntza politizatzeko saiakera arbuiatu zuen Oxfamek.
Dena dela, galdera bat gelditzen da airean: zein proiektu dago eta zein mailako asistentzia jasoko du 2014tik aurrera Afganistanek, munduko herrialde txiroenetakoa izaki?
AEBetako administrazioaren iritziz, Kabuleko Gobernuak bertan behera utziko du PRT horien jarduna, eta bera arduratuko da nazioarteko laguntza kudeatzeaz eta burutu beharreko lana banatzeaz.
«Inork ezin du esan» zenbat laguntza emango zaion Afganistani 2014tik aurrera, esan zuen Karl Eikenberry enbaxadoreak, baina, ziurtatu zuenez, bi herrialdeen arteko harremana «oso epe luzean» mantentzeko asmoa dago.
Anonimotasunetik, arduradun afganiar eta estatubatuarrek ez dituzte arazoak ezkutatzen: nazioarteko adituen soldata altuak, neurriz kanpo balioetsitako proiektuak, zenbait ingurutako laguntza falta... Guztiek uste dute, ustelkeriaren arazoa larria izan arren, Afganistanek hartu behar duela berreraikuntzaren ardura.
AEBen bonbardaketa
Beste alde batetik, 30 ustezko matxinatu zendu ziren bart goizaldean Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak (ISAF) eginiko bonbardaketa batean.
NATOren taldeak azaldu zuenez, Afganistango Kunar probintzia gertatu zen erasoa. Pakistango mugatik hurbil dago inguru hori, eta talibanen igarobide izan ohi da.
ISAFek igorritako prentsa oharrean zehazten zenez, aire patruila batek matxinatuen taldea ikusi zuen Ghaziabad eskualdean, eta haien aurka tiro egitea erabaki zuen.
«Hasierako tiroen ondoren, armatutako norbanako kopuru handia agertu zen, eta patruilak hil egin zituen», gaineratu zuen agiriak, France Presse agentziak zioenez. Bertsio horren arabera, aurrez aurreko erasoak lau ordu iraun zuen.
Bonba-auto baten leherketak gutxienez zortzi hildako eta 30 zauritu utzi zituen atzo Khost hirian, Afganistango hego-ekialdean, Poliziak jakinarazi zuenez.