GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Aire berriak Taxoaren

«Mendilibar estiloak» gero eta zale gehiago ditu

Senda-agiria jaso berri duen Cejudok nabarmendu zuen gorritxoen aldagelan konfiantza handia dagoela «Lehen Mailari eusteko ahalmena baduelako».

p040_f01_148x096.jpg

Jon ORMAZABAL

Argi dago Osasunan aste honetan entrenatzaile aldaketa bat baino askoz gehiago izan dela. Jose Luis Mendilibarrek Jose Antonio Camachoren lekua hartzearekin gauza asko aldatu dira talde gorritxoan eta animoan eta ilusioan bederen, denak hobera egin duela esan daiteke. Zaleek, aspaldi eskatzen zutena lortuta, taldearenganako ilusioa berreskuratu dute, eta are garrantzitsuagoa izan daitekeena, jokalariengan begi bistakoa da beste bizipoz eta konfiantza bat dagoela.

Asteazkenean Patxi Puñal kapitaina izan zen, zeharka izan bazen ere, gauzak nahikoa garbi utzi zituena, eta atzo etortzen azkenetakoa izan den Alvaro Cejudok aldagelak bere ahalmenean gaur egun duen ziurtasuna nabarmendu zuen. «Aldagelan nolabaiteko lasaitasuna sumatzen da, taldeak baduelako ahalmena dagoen egoeratik irteteko. Aste honetan, zaleen babesarekin, ziur hiru puntuak aterako ditugula, guk dugu garaipena lortu eta gora egiteko ardura».

Lan egiteko eratan ere nabariak izan dira aldaketak: lehen ez bezala, Mendilibar etengabe ari da jokalariei akatsak zuzentzen eta gauzak nola egin behar dituzten azaltzen; geldikako jokaldietan sekulako zuloa izan arren, inoiz gutxi lantzen ziren Taxoaren halako jokaldiak Camachorekin, eta atzo horretan eman zuten goizeko lan saio ia osoa. Atzoko ostirala arras desberdina zela konfirmatzeko, jokalariek atzo jakin zuten, lehengo entrenatzailearen ohiturekin apurtuz, bihar deialdian sartu diren 18 jokalariek ez dutela eguna hotel batean pasatu beharko, euren etxeetara joateko aukera emango baitie Mendilibarrek. Etxean jokatu beharreko partidetan, Sadarrera joan aurretik elkarrekin bazkaltzeko deituko ditu bizkaitarrak.

Aranda baja izango da

Mendilibarrek gaur jakinaraziko duen lehen deialdian ez da egongo Aranda aurrelaria. Anoetan jokatu ezinda egon ostean, asteazkenean taldera itzuli bazen ere, andaluziarrak atzo ere bakarka jardun behar izan zuen izterreko arazoengatik eta ez du Espanyolen aurka jokatzerik izango.

Txanponaren beste aldean daude gastroenteritisak jota egon den Nekounam irandarra eta atzo senda-agiria jaso zuen Alvaro Cejudo. Las Palmasetik neguko merkatuan fitxatutako erdilariak oraindik ez du partida bakar bat jokatzeko modurik izan, min hartuta etorri zelako eta bihar izan litzake lehen minutuak Mendilibarrek hala estimatuko balu. Printzipioz, deialdian sartzeko aukera handiak ditu, Zaldibarrekoak lehen taldeko hemezortzi jokalari baititu jokatzeko moduan.

Bere egoera pertsonalaren inguruan, Cejudok onartu zuen «oso pozik» dagoela «taldera lehen aldiz batzeko aukerarekin. Oraintxe dira min hartu nuenetik bi hilabete eta erritmo apur bat falta zait, baina entrenatzaileak erabakiko du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo