GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Leo Belaustegi Alberdi Ondarroa 12 Milia-ren izenean

Gure arrantzaren etorkizuna

Gure itsasoek sortzen duten aberastasuna ezin da aberastasun pertsonala bakarrik bilatzen duten erakunde eta eragileen eskuetan utzi. Itsasoan bizi diren espezieak guztion ondasuna dira eta ahalik eta hobekien kudeatu behar dira, erabaki pertsonaletatik harago

Urte hau eta datorren hamarkada Euskal Herriko arrantzarentzat ez dira batere oparoak izango. Arrantza sektorearen inguruan argi gorriak piztuta daude eta epe motz nahiz ertainera norabidez aldatzeko dituen aukerak oso urriak dira. Egoera oso kezkagarria da, batez ere gero eta urriagoak diren baliabideen kudeaketan egindako murrizketak direla medio (espezie gehientsuen TAC edo Gehieneko Harrapaketa Onargarrian egindako murrizketak), harrapatutako arrainaren lehendabiziko salmentan arrantzaleek lortzen duten errentagarritasun txikiaren ondorioz, eta batez ere, generazio berriek arrantzan aritzeko duten gogo ezaren ondorioz.

Eta arazo hauek guztiak gutxi balira bezala, arrantzaleei itsasoratzeak gero eta kostu handiagoa eragiten die. Petrolioaren prezioaren igoera da guztietan nagusia, baina ez dugu ahaztu behar munduko beste lekuetatik inportatzen diren arrain kopuru handiek hemengo arrainari eragiten dioten konpetentzia. Honek guztiak gogorik eza ugaritu du, nekea, ontziteriaren amarratzea, eta azkenik, Euskal Herriak izan dituen profesional handiak arrantza mundutik aldentzea eragin du.

Egungo egoera, egia esan behar bada, aurreko Jaurlaritzak urteetan zehar eraman duen «arrantza politika» negargarri baten ondorio zuzena da. Ongi antolatu gabeko ontziteriak eta jasangarria ez den itsas baliabideen ustiapenak espezieak eta euren bizilekuak kolapso biologikora eta erabateko desagerpenera bultzatu dituzte.

Arrantzaleek gero eta diru-sarrera txikiagoak eta askotan galerak izaten dituzte, eta fondo publikoen erabateko dependentziara baztertuak izan dira. Kudeaketa jasangarria ez zela jakina zen, inguruko arrantzalekuen bioaniztasuna eta haietan bizi diren espezien mantenua galzorian zegoela jakina zen baina, hala ere, ez da erabakirik hartu. Antxoarekin gertatu dena adibide bat besterik ez da. Europatik datozen datuei begiratuz gero, Europar Batasuneko uretan bizi diren espezieen %88 euren Gehieneko Errendimendu Jasangarritik gora ustiatu dira. Mugarik gabeko arrantzak eta arrantzalekuak agortezinak zirela pentsatzeak egoera honetara bideratu du sektorea. Baina egoera honek ezin digu etorkizuna hipotekatu. Euskal Herriak elikadura arloan burujabetza lortu nahi badu, arrantza sektorea ezinbestekoa izango da, eta ezin dugu gure portuetan hain garrantzitsua izan den jarduera ekonomiko eta kulturala desagertzen laga.

Gure ekosistemaren galeraren gaineko kezka gero eta nabariagoa da garaiotan eta Europatik arlo horretan zenbait berrikuntza datozkigu. 2013an ezarriko den Europako Arrantza Politika Bateratua esaterako, «Liburu Berdean» bildua datorrena, arrantza arduratsu eta jasangarri bat defendatzen da, eta horretarako itsas ekosistema babestuen ezarpena proposatzen dute. Proposamen honi eta mundu mailako beste batzuei jaramon eginda, zenbait gizarte erakunde eta sektoreko profesionalek Euskal Herriko kostaldean Babestutako Itsas Eremu bat sortzeko ekimena abian jarri du. Hauen helburua, itsasertzetik 12 miliako babes-eremua sortzea da, arrantza sektoreari behar duen bultzada emateko eta era berean gure itsasoak zaintzeko balioko duelako.

Esan bezala, aipatutako ekimenak kostaldetik 12 milia barruan tresneria suntsitzaileak daramatzaten ontzien debekua eta erregulazioa lortu nahi du, eta honekin, tarte horretan artisau-arrantza bidez bakarrik arrantzatzeko aukera eman, amuak, sare txikiak, nasak eta antzekoak erabiltzen dituztenak. Hamabi milia hauen barneko eremuan jada ia erabat hustu diren 40 arrantzalekutik gora daude, non legatza, bisigua, zapoa edo antxoa eta bizi izan diren, eta duela hamarkada batzuk Euskal Herriko portu guztietako arrantzaleen jomuga izaten ziren. Plataforma kontinentalaren barnean bioaniztasun handiko guneak izan ziren hauek, eta aipatu espezieak han hazi dira betidanik. Arrantzaleku hauen kudeaketa arduratsu baten bitartez kostaldeko komunitateen eta itsas produktuen hornikuntzari lotutako gizarte sareen etorkizuna bermatuko litzateke. Arrantzalekuetan bizitza birsortzeko bidea izango litzateke, eta horrek gure gazteak arrantzara erakartzeko aitzakiak emango lituzke, gure portuek lehen izan zuten garrantzia izatera iritsiz.

Hau da etorkizunera begira plazaratzen dugun proposamena. Beranduegi izan aurretik, arrantza sektorean zeresana duten guztiak biltzen dituen mahai bat eskatzera gatoz, egungo ontziteriaren jarduera jasangarria den, ekonomikoki errentagarria den eta gizarte mailan epe ertainera lanpostuak sortuko dituen jarduera den eztabaidatzeko.

Eskatzen ari garen hau ez da kontu berria, Europako proposamenek (Natura 2000, Arrantza Jasangarriaren Legea...) ekimen hauek exijitzen dituzte, eta jada Europako kostaldeetan arrantza eremu babestu bihurtu diren zenbait adibide aurkitu daitezke. Gure itsasoek sortzen duten aberastasuna ezin da aberastasun pertsonala bakarrik bilatzen duten erakunde eta agenteen eskuetan utzi. Itsasoan bizi diren espezieak guztion ondasuna dira eta ahalik eta hobekien kudeatu behar dira, erabaki pertsonaletatik harago. 

Ontziratu gaitezen itsasontzi honetan, Ondarroa 12 Milia plataformaren proposamenak hori bilatzen du. Antzina gure itsasoak izan ziren bezalakoak izan daitezela berriro. Guztion zeregina da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo