GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa «fartsa zaharra» dela salatu dute

Ezker abertzaleak uste du berriki UPNren Gobernuak Madrilekin sinatu duen hitzarmenak Nafarroaren estatus politikoaren galera adierazten duela eta ez diela antzinako ogasun alorreko eskubideei jarraipena ematen. Hala, burujabetza berreskuratzea beharrezkotzat jo du..

p030_f01.jpg

A.Z. | IRUÑEA

Nafarroako UPNren Gobernuak berriki sinatu duen Hitzarmen Ekonomikoak «engainu zaharra» izaten jarraitzen duela baieztatu zuen atzo ezker abertzaleak prentsa ohar batean. Hala, 2010-2014 Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko Estatu espainoleko PSOEren Gobernuaren eta UPNren artean izan diren negoziazioak «aurreikusitako gidoia» jarraitu duela esan zuen: «Hasierako tentuzko jokaerak, ondorengo sekretismo orokorra, azken akordioa, elkarren arteko goraipamenak, txaloak, argazkiak eta luntxa: Nafarroa beti aurrera».

Aitzitik, ezker abertzalearen iritziz, Nafarroaren antzinako ogasun arloko eskubideei jarraipena ematetik urruti, Gerra Karlistetan jasandako porrotaren eta Estatu espainolaren asimilazioaren ostean, Hitzarmenak Nafarroaren estatus politikoaren galera adierazten du.

Kupoa

Hala, gaur egun Nafarroako foru legeak Konstituzio espainiarreko zerga-printzipioen menpe daudela salatu dute independentistek, baita Gobernu espainolak sinatu dituen nazioarteko itunen nahiz Estatu espainoleko presio fiskalaren menpe ere. Horrez gain, Nafarroak Estatu mailako zergak, errentak eta ekarpenak ere ordaindu behar ditu, baita, hartu gabeko eskumen trukean (gastu militarrak, polizia eta Guardia Zibila, errege-etxea, estatuko azpiegiturak...) urteroko kupoa ere, aurten 485 milioi euro.

Bestalde, Negoziazio batzordean parte hartu duten Na-Bai, IUN eta CDN alderdiak lorturiko akordioagatik pozik agertu izana «burla hutsa» dela baieztatu du ezker abertzaleak. «Madrildik era guztietako eraso sozialak ezartzen dizkigutenean, Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanek osasun ona dutela eta Hitzarmen Ekonomikoa eta honen berrikuntza ospatzeko modukoak direla esatea guztiz ulertezina da», adierazi dute.

Ondorioz, Nafarroaren burujabetzaren eta eskumen historiko guztien berreskurapena eskatzea beharrezkoa dela uste du ezker abertzaleak.

Funtsean, Hitzarmen Ekonomikoa «kaiola» bat dela kritikatu dute eta bertan giltzaperatu dituztela Nafarroaren burujabetza eta ogasun alorreko eskumenak. Hala, «aske izan nahi badugu eta gure patu propioa zuzentzeko grina badugu nahitaezkoa da eremu hori haustea», adierazi du ezker abertzaleak.

MENPE

Nafarroako foru legeak Konstituzio espainiarraren zerga-printzipioen menpe daudela eta Estatu mailako zergak eta errentak ere ordaindu behar dituela salatu du ezker abertzaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo