GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Txapeldunak dira finalean izateko faborito nagusiak

Donato eta Ohian Larretxea, oraingoz txapelaren jabe direnak, Azurmendiren eta Atutxaren aurka neurtuko dira bihar Espejon jokatuko den finalerdian.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketan maila nagusiko finalista bat falta da, eta bihar bertan argituko da zein den, Espejon jokatuko baita finalerdia 12.00etatik aurrera.

Alde batetik egungo txapeldunak, Donato eta Ohian Larretxea, eta bestetik Iñaki Azurmendi eta Aitzol Atutxa neurtuko dira. Azken hauek beren multzoan bigarren geratu ziren, eta beste bietako bigarrenen aurka jokatu behar izan zuten final-laurdena, hemen aritu ahal izateko.

Larretxeatarrak dira egungo txapeldunak, eta beraiek izango dira garaipena erdiesteko faboritoak. Donatok oraindik bere maisutasuna erakusten du, eta bere semea, Ohian, behetik gora dator. Pasa den urtean Nafarroako Lehen Mailako finalean sartu zen, eta Euskal Herrikoan Lehen Mailara igotzea lortu zuen.

Kontuz ibili beharko dute, ordea, Atutxarekin eta Azurmendirekin. Biak ongi moldatzen dira, eta ezustea emateko prest agertzen dira. Sei lan ezberdin egingo dituzte. Garaipena lortzen duen bikoak hilaren 27an jokatuko du finala Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, eta han Anjel Arrospide eta Ugaitz Mugertza izango dituzte aurrez aurre. Jaialdi berean, gazte mailako hirugarren postua ere jarriko da jokoan. Bertan Ussia eta Lopez Kortxeroren eta Larrearen aurka neurtuko dira.

Maila honetako finala Otañok eta Zabaletak Vicente II.aren eta Saralegiren aurka jokatuko dute. Zilarrezkoan edo Bigarren Mailakoan, berriz, Dorronsorok eta Mugertza III.ak Kañamares I.aren eta Kañamares III.aren aurka jokatuko dute. Final guztiak egun berean eta leku berean jokatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo