Berezkoak
Bost bikoterekin hasi da Binakako lehen fasea
J.L.
Buruz Buruko finala jokatzeko astebete falta denean, herenegun abiatu zen Binakakoaren aurrekanporaketa, eta horren ostean emango da ezagutzera Binakako azkeneko fasean parte hartuko duten bikoteen zerrenda.
Txapelketako azkeneko faseari dagokionez, sei bikotek hartuko dute parte, hori argitu dute jada, baina ez taldeak nolakoak izango diren, hori azken momentuan erabakiko baitute iaz egin zuten bezalaxe.
Oraingoz, lehen fasea hasi da, edo aurrekanporaketak, horrela deitu baititu Federazioak, eta hortik hiru pilotarik lortuko dute hurrengo fasean izatea. Bi aurrelarik eta atzelari batek. Hori nola erabakiko duten, ordea, ez dute eman ezagutzera, eta ligaxka bat antolatu dutenez, pentsatzekoa da hori emaitzaren arabera erabakiko dutela, nahiz eta agian jokoan ez den gauza bera ikusiko.
Aurrekanporaketa honetan bost bikotek hartzen dute parte, eta honako hauek dira: Intxauspe-Jannots, Alfaro-Lazkano, Larretxea-Ducassou, Agirre-Bonebeltxe eta Ezkurra I.a-Lanbert.
Ligaxka eran jokatuko da lehiaketa, beraz, denek denen aurka jokatu beharko dute, eta horren arabera egingo da sailkapena, eta aurrez aipatu bezala, pentsatzekoa da, sailkapenaren arabera erabakiko dela zein bi aurrelari eta zein atzelari arituko diren Binakako Txapelketan.
Lehen partida herenegun arratsaldean jokatu zen, Baionan, Saint Andre trinketean. Intxauspek eta Jannotsek irabazi zuten 40 eta 37.
Norgehiagoka emozioz beterikoa izan zen, amaierara bitarte ez baitzen ezer erabaki. Hori bai, emaitzan ezustea izan zen, Alfaro eta Lazkano baitziren garaipena erdiesteko faborito nagusiak.
Baina partida honetan bertan izan zen bitxikeria, izan ere zaleen ustez Jannots izan zen partidako onena, eta Intxauspe, berriz, ahulena, azkenean hauek irabazi zuten, eta emaitzei bakarrik erreparatuta, horrelakoak gerta daitezke gainerako neurketetan ere.
Beste bi
Txapelketa honek jarraipena bihar izango du, 16.00etatik aurrera, Senpereko trinketean beste bi partida jokatuko baitira. Lehenengoan Larretxea eta Ducassou Agirreren eta Bonebeltxeren aurka neurtuko dira. Ondorengoan, berriz, Alfaro eta Lazkano Ezkurra I.aren eta Lanberten aurka lehiatuko dira.
Txapelketa honetan, Agirre, Bonebeltxe, Lanbert, Intxauspe eta Jannots lehen aldiz ari dira jokatzen, profesionaletara pasatu berriak baitira pilotari horiek guztiak.