GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal preso politikoen ekarpena, ezinbestekoa

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak joan den urtarrilean Gernikako Akordioaren ordezkaritza batekin harremanetan jartzeko eskaera egin zuen, prozesu demokratikoan parte hartzeko. Akordioaren sinatzaileek begi onez ikusi dute eskaera eta dagoeneko izendatua dute ordezkaritza hori, komenigarritzat ez ezik, beharrezkotzat ere jotzen dute-eta EPPKren ekarpena. Izan ere, berebiziko garrantzia du prozesu demokratikoak albait kolektibo eta eragile gehien biltzeak; zeresanik ez, beraz, euskal presoen kolektiboa, gainditu beharreko gatazkaren parte zuzena izanik, gatazkaren parte eta haren ondorio mingarriak jasaten dituztenetakoak izanik, haien senideak bezala. Horregatik, Gernikako Akordioaren arabera, estatuen espetxe politika bertan behera uztea lehentasuna da, legearen eta sen onaren kontrakoa baita, eta eratu berri den agertokian are zentzugabeagoa baita. Hori uste du euskal gehiengo sozialak, eta hori erakutsi zuen Bilbon urtarrilaren 8an. Espetxe politika hori amaitzeak gatazka gainditzen lagunduko luke, ezker abertzaleak eta hainbat eragilek eta euskal herritar gehienek indarkeriarik gabeko prozesu baten aldeko apustua egin dutelako, eta espetxe politika hori adierazpen bortitza da, inondik ere. Bortizkeria hori gabe, hortaz, hurbilago sumatuko da gatazkaren amaiera. Eta, horrenbestez, preso eta iheslari guztien etxeratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo