GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Errugbia Top 14

Bigarren faseari begira arituko dira euskal taldeak

Biarritzek eta Avironek Ligako final-laurdenak jokatzeko aukera handia dute, eta helburu horrekin arituko dira aurrerantzean, Liga amaitu bitartean.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Top 14a unerik erakargarrienean dago, izan ere, final-laurdenetan sartzeko lehian talde asko ari dira borrokan, eta beraien arteko aldeak, berriz, oso txikiak dira. Zorionez, bi euskal taldeak lehia horretan sartuta daude, eta hori aspaldian ez zen gertatzen maila honetan.

Partida garrantzitsu bezain zailak dituzte bi euskal taldeek, baina biek ere arerio zuzenen aurka jokatu behar dituzte beren norgehiagokak, eta garaipen batek oso leku onean jarriko lituzke. Porrot batek, aldiz, atzeraka bidaliko lituzke, tarteak oso txikiak baitira.

Bai Avironek, bai Biarritzek partida oso zailak dituzte, baina bietan zailena biarriztarrek dute, izan ere sailkapeneko buruaren zelaian jokatuko dute, Tolosan, Staderen aurka alegia, 16.25etik aitzinera.

Okzitaniakoak sailkapeneko lehen postuan daude, eta gainerakoei alde nabarmena ateraz, hauek final-laurdenetan ez ezik, finalerdietan izateko txartela ere ia eskuetan daukate, ez baita ahaztu behar estreinako bi sailkatuek finalerdiak zuzenean jokatuko dituztela.

Biarritzek pasa den astean jaso zuen kolpea jaso eta gero, ez da hori zutik jartzeko aurkaririk onena, baina agian hortik hasi beharko du, eta Tolosan garaipen bat lortzeak sekulako indarra emango lioke. Puntu bat bera lortzea ere ez da txarra, baina hori besterik lortu ezean, seguruenik ere orain dauden final-laurdenetako lekuetatik kanpo geratuko lirateke, eta min dezente egingo lioke zuri-gorriei.

Aurkari zuzena

Avironek ere ez du partida samurra izango, Clermonten zelaian jokatuko baitu 14.30etik aurrera. Frantziarrak sailkapeneko laugarren postuan daude 49 punturekin, eta baionarrak, berriz, puntu bat gutxiagorekin zazpigarren postuan. Hala ere, seigarrenarekin, Biarritzekin, berdinduta daude.

Zuri-urdinak une honetan ez daude finalerdiak jokatzeko lekuetan, baina bai datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko lekuetan. Hala ere, behin dauden lekuetan egonda, bigarren fasea jokatzea jarri dute helburutzat zuzendari eta entrenatzaile lapurtarrek.

Gaur garaipena lortuta, badakite lehen seiren artean sartuko direla, eta horretara doaz. Azkeneko urte hauetan etxetik at jokatu dutenean huts egin izan dute, baina badirudi hori aurten gainditu dutela, eta edonoren aurka, eta edonon, garaipena lor dezaketela erakusten ari dira. Gaur asmo horrekin doaz Clermontera.

Avironek, martxoaren 5ean Donostian, Anoetan, jokatuko du Stade Toulosainen aurka. Partida horretarako sarrerak jadanik salgai daude, eta 30.000 jadanik salduta omen daude. 2.000 geratzen dira saltzeko.

Biarriztarrak

Stade Toulosainen aurka jokatuko dute zuri-gorriek, sailkapeneko buruaren aurka, haren zelaian. Oso norgehiagoka gaiztoa dute, Okiztaniakoak besteen gainetik agertu baitira orain arte.

baionarrak

Zuri-urdinek ere ez dute partida samur horietakoa, Clermonten zelaian jokatuko baitute. Frantziarrek orain puntu bat kentzen diete euskaldunei, baina gaur gauzak alda daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo