AHTren gatazka nobela bihurtu du Mendigurenek, eta horren argitalpena, sareko «esperimentu»
Xabier Mendiguren Elizegik aspaldian parte hartzen du «Sustatu.com» webgunean, eta «Sakoneta» nobelako 48 kapituluak bertan plazaratu ditu, pasartez pasarte eta egunez egun, paperean eman aurretik.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
«Sakoneta» (Elkar) nobelak elkarren artean antzik ez duten pertsonaien ahoetatik AHTren inguruan sortutako eztabaida politiko-soziala jasotzen du. Ekologista sutsu solidarioak, kazetari ziniko bat eta harekin doan argazkilaria, ertzainak, kartzelan egondako militante ohi bat... guztiek izango dute zer esan trenbidearen eraikuntza lanen ondorioz Sakoneta baserria bota behar den unean.
Liburua 48 pasarte motzetan dago banatuta, bakoitzak hiru orrialde inguru hartzen dituelarik, eta guztira egun bereko 22 ordu inguru kontatzen ditu. Modu kronologikoan idatzita dagoen arren, atzera-salto txikiak egiten ditu.
«Pauso arinez dago idatzita eta bat-batean amaitzen da, bukaera irekia du», azaldu zuen atzo Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editore eta lankideak, Mendiguren Elizegi bera («Bekatuaren itzala» «Berriro igo nauzu», «Elvis hil zen urtean») Elkarreko editore ere bada-eta, idazle izateaz gain. Hala ere, amaiera irekia eman dion arren, Mendigurenek ziurtatu zuenez, ez du bigarren alerik idatziko.
Liburua atzo aurkeztu zen arren, www.sustatu.com webgunean orain hamabost egun arte pasarteka zintzilikatzen joan da egunero. Egile beasaindarrak azaldu zuenez, «kapritxo» bat izan da. Egunero atal bat irakurtzea erraza egiten dela esan zuen, eta, egoera horretaz baliatuz, «esperimentu» bat izan dela aitortu zuen, «liburuari bizitza luzatzeko eta aukerak zabaltzeko modua» izan da. «Beste irakurle mota batengana iristeko bidea izango zelakoan egin nuen», esan zuen. «Lehen hala egiten zen, liburuak atalka argitaratzen ziren prentsa idatzian», gehitu zuen Mendigurenek.
Hala, Internet istorioak kaleratzeko beste euskarri gisa ikusten du idazleak: «Funtsezkoena ez da euskarria, mezu bat egotea, istorio bat, kontalari bat eta hartzaile bat egotea baizik».
Sarean jarri izanak ez duela iraultzarik sorraraziko aitortu zuen egileak, baina «kalterik ez dio egingo» gehitu zuen. «Ez dut uste izugarrizko alderik nabarituko dudanik, baina mesede egingo dio».
«Ez naiz aldekoa»
Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren inguruko gatazkari buruz askotan eman du bere iritzia Mendigurenek, luze idatzi izan baitu hainbat komunikabidetan, eta atzoko aurkezpenean aitortu zuenez, bera ez da trenbidearen eraikuntza lan horien aldekoa. Baina «Sakoneta» ez zuen «panfleto edo saiakera» moduan idatzi nahi, literatura sortu nahi zuen. Ondorioz, iritzia alde batera uzten saiatu da.
Horretarako, istorioan agertzen diren pertsonaia guztiak deskribatu eta eraikitzeko orduan tonu «umoretsu eta maltzurra» erabili du. «Parodiara, esperpentora edota karikaturara doa idazteko erabilitako estiloa», kontaketa errealismotik urruntzea lortzen du.
Nobelan hainbat pertsonaia agertzen dira, «nobela korala» baita, eta horiekin batera narratzailea. Hala ere, azken honek ez du garrantzi handirik hartzen, ahotsen presentzia baita kontaketaren ezaugarri nagusia, beraz, narratzailea ahots horiek lotzeko tresna bihurtu du. Gai- nera, eleberria euskaraz idatzita dagoen arren, pertsonaia batzuek «euskañola» erabiltzen dutela argitu zuen Mendigurenek, gure artean erabilera hori ohikoa dela uste baitu.
Protagonistak pasarte bakoitzean agertzen joango dira, eta, pixkana-pixkana, hari horiek guztiak josiz eta nahasiz joango dira istorioak aurrera egiten duen neurrian. Bitxikeria bezala, Mendigurenen eleberrien jarraitzaile direnek pertsonaien artean ezagun bat topatuko dute. Izan ere, kartzelan egondako gizona «Berriro igo nauzu» liburuko protagonista da, Marmitte.