GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko XX. mendea izango dute aztergai GITEren Historia ikastaroan

A. A. | BILBO

Eneko Bidegain eta Josu Txueka izango dira hizlari gaur, Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak (GITE) antolatuta, Bilboko La Bolsa etxean egiten ari den «Euskal Herriaren Historia» ikastaroan. Azken saioa izango da gaurkoa eta, 09.30etik aurrera, «Euskal XX. mendeari buruz: erronkak, itxaropenak eta lorpenak» titulua duen hitzaldia eskainiko da, sarrera irekiarekin.

Bidegainek lehenengo Mundu Gerraren eraginaz hitz egingo du eta Txueka frankismoaz eta trantsizioaz arituko da. Arlo guztietan emandako zapalkuntzaz, honakoa aurreratu zuen Bidegainek: «Frantziako Errepublikak lan handia egin zuen frantsesa eta frantses balioak toki guztietan zabaltzeko. Alde horretatik, frantsesa ezinbesteko tresna izan zen estatu laiko baten bidean: euskara eta beste hizkuntza gutxituak kristautasunaren transmititzeko hizkuntza gisa erabiltzen zituzten apaizek eta errepublika laikoen aldekoek hori saihesteko, hizkuntza horien aurka jo zuten, lehen helburua laikotasuna bultzatzea izanik. Bigarren helburua, eta horrekin estuki lotua, frantses nortasuna indartzea zen, eta denak frantses izatea».

Arlo ekonomikoari dagokionez, «argi da garai hartan dagoeneko hasia zela baserrien hustea eta hirien betetzea, eta honekin batera beste baldintza ekonomiko eta sozial batzuk, baita ere frantseste prozesuaren bizkortze bat», esan zuen.

Ikastaro honekin, «Euskal Herriaren historia, euskal herri langilearen historia, berreskuratu nahi dugu», azaldu zuten GITEko antolatzaileek. «Herrien historiaren transmisioa talde menperatzaileek erabaki dituzten parametroetan heldu zaigu. Gure kasuan, Euskal Herria menderatu duten bi estatuen agintariek gure herriaren izaera (eta historia) ukatu dute eta haien interesen araberako historia eratu eta ezarri digute», esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo