GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Etxeko zikinkeria auzoan garbitu

Matignonen garbitasun arazo franko dute. Alta, etxea txukundu eta aireztatu beharrean, leihoak itxi ditu Nicolas Sarkozyk. Michele Alliot-Mariek frantses Legebiltzarrean bota duen gezur sortak eragin duen higiene larrialdiaz mintzo naiz.

Abenduaren hondarrean, Atzerri ministroak harturiko oporraldia buruhauste galanta bilakatu da berarentzat zein Sarkozyren Gobernuarentzat. Alliot-Mariek Tunisiako egoeraren aitzinean ukan duen jokamoldea iluntasunez beterik agertzen da. Ben Ali diktadore ohiaren lagun batek jet pribatuan eraman zuen bera eta bere senarra -hori ere ministro-, ondoren luxuzko hotel batean egonaldi zoragarria eskainiz.

Tunisiako krisia abian zen, populua iratzarria zen, baina frantziar diplomaziaren buruak ez zuen neholako oztoporik atzeman bere bakantza horiekin jarraitzeko, ez omen. Ez du aholkurik txikiena jaso, ez omen, bere irudia zaintzeko. Ministroa bezala frantziar zerbitzu sekretua bakantzetan zen? Sinesgaitza.

MAM ez zen pausan, lanean zen. Eremu pribatu eta ardura publikoaren artean dilinda eginez bada ere. Azken berriak jasangaitzak dira. 90 urtetik gorako adina duten bere gurasoak eraman baitzituen MAMek. Taldeka erosiz gero, hegazkin txartelak merkeagoak direnez...

Sikiera erretretan partitzeko adina atzeratu duen gobernuaren ordezkariari koherentziaz jokatu duela aitortu beharko diogu. 94 urte ditu bere garaian politika eta negozioak tartekatu zituen Bernard Marie jaunak. Urtats bestak Dordognan igaro beharrean, Tunisiara joan zen eguzkiaren bila. Bide batez, alabaren adiskideari, Aziz Miled jauntxoari, enpresa erosi zion.

Legearen kontra ez duela jo aldarrikatu du Alliot-Mariek. Ziur ezetz. Bidaia musu-truk egin du, luxuzko egonaldiaz gozatu du, familiaren ondasunak borobildu ditu. Oporraldia oparoa suertatu zaio MAMi. Etikaren kontra bete-betean talka egin arren, legeak babesten du ministroa.

Beraz, gobernu bileretara joaterik badu, Sarkozyk aferari irteera eman bitartean, bederen. Matignon-eko leihotik, gainera, bista paregabea izanen du: jauregi hori dagoen etorbidean bertan Axa konpainiak hutsik zuen eraikina okupatua zuten etxerik gabeko herritarrak bortxaz kanporatu ditu Poliziak. Ijitoekin egin bezala, bereko zikinkeria berriz ere auzoaren etxean garbitu du eskuineko Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo