Jon Moņux, Arantza F. de Garaialde eta Josean Bueno STEE-EILASeko kideak
Nahastuz, dena lokaztu
Eskolak aurrerantzean eman behar dituen urratsetan, hitz nahastura gutxiago espero dugu eta bidea lokazten inor gehiago ez aritzea, bestela ere nahiko lana badugu eta
Gaiak nahastea aspaldi erabilitako trikimailua izan da eztabaidaren muina estali eta desbideratzeko, arazoak argitzeko baino. Patxi Lopez lehendakariak duela gutxi eginiko adierazpenak iraingarriak izan dira euskara zein euskaldun ororentzat, euskara indarkeriarekin nahastu baitu, euskararen zelaia lokaztuz. Berak dio geure hizkuntzaren alde egin omen zuela. Beste askok, ordea, bestelakoa ulertu genion. Kasualitatea.
Euskarazko irakaskuntzaren esparrutik hitz nahastura hori entzutea tamalgarria da, besteak beste, euskararen normalkuntzaren alde irakasle zein gurasoek urte luzeetan egindako lana ere lokaztu egin baitu. Orain arteko lana ez omen dugu askatasunez burutu, hemendik aurrerakoa, bai, nonbait. Egia ez izateaz gain, bidegabekeria da honelako giro susmagarria zabaltzea euskararen inguruan, gure inozokerian uste baikenuen hizkuntzak ezin zirela zertan errudun izan. Zergatik dira zilegi halako obsesioak euskararekin eta ez beste hizkuntzekin? Lehendakariak zabaldutako bide beretik jo ezkero, ondorio xelebreetara helduko ginateke.
Honelako nahasmenduak sortu ordez, lehendakariak hobe luke euskararen inguruko adierazpen gutxiago egin eta geure hizkuntzaren aldeko erabaki zehatz gehiago hartuko balu. Adibidez, Jaurlaritzaren 2011ko aurrekontuetan euskarari ezarritako murrizketak bertan behera uztea; Hezkuntza Sailak 2011rako irakaskuntzako oposaketa deialdian Hizkuntza Eskakizun 1-eko lanpostu multzo bat eskaini ordez, gure hezkuntza sistemak behar dituen benetako irakasle elebidunak eskaintzea, hau da, lanpostu guztiak HE2-dunak; Euskararen Aholkularitza Kontseilurako geure hizkuntzaren bultzatzaileak izendatzea eta ez aurkari gisa publikoki agertu direnak; ...
Baina bazterrak nahasteko trebezia hau ez da soilik lehendakariarena. Bere gobernuko kidea den Hezkuntza Sailburuari ere sarritan entzun diogu komunikabideetan gauzak nahasten. Izan ere, duela ia urtebete ikasleak doktrinatzea eta indarkeriaren aurrean epel jokatzea leporatu zion eskolari oro har, irakasleria eta bertan dihardugunok susmagarri bilakatuz. Orain, Indarkeriari legitimazioa kentzeko planaren material didaktikoak duela aste batzuk aurkeztu dituenean, berriz ere eskola hartu du bere helburu politikoak garatzeko lekutzat, bakearen aitzakiaz. Eta hara non, hezkuntza komunitateak bere garaian zuzendu zizkion kritikak entzun ondoren, oraingoan ere zaharrak berri. Aurkeztu berri duen web orrian ikusi besterik ez dago, zein lekukotasun izan diren hautatuak eta zeintzuk baztertuak, irakurketa politiko jakin bati jarraikiz.
Iragan hurbila belaunaldi gazteek ezagutu beharreko gaia da, jakina, baina nekez heziko ditugu gure ikasleak ikuspegi kritiko eta integral batetik iraganaren hainbat zati ezkutatzen badizkiegu. Ezinezkoa da bizikidetza, bakerako hezkuntza eta giza eskubideetan oinarritutako heziketa aldebakarreko begiradaz garatzea. Hori bai dela doktrinamendua.
Aitzitik, biktimen samina jatorri desberdinekoa eta anitza dela hartu behar dugu abiapuntutzat, gure herriaren memoriari iruzur egin nahi ez badiogu, behintzat. Hala ere, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala dugu funtsezko zelai jokoa denontzat eta elkarrizketaren bidea benetako bizikidetza lortzeko eredu.
Ziur gaude hezkuntza komunitateak jakingo duela orain arte bezala, aipaturiko baldarkerien aurrean bere bidea urratzen eta haur zein gazteak erabilpen politikotik babesten, beti ere, irizpide pedagogikoak zutabetzat harturik. Zorionez zentzuzko jendez beteta daude ikastetxeak eta ez dugu zalantza izpirik ere mezu nahaspilatuen aurrean, ez direla honelako amarruetan eroriko.
Euskara indarkeriarekin zipriztinduz edo biktimen samina politikarekin desitxuratuz, eskola giroa -«clima escolar» delakoa- tinkatzeko arriskua besterik ez du. Lehendakariak zein Hezkuntza Sailburuak dituzten erantzukizunak tentu handiz ibiltzeko kontuak direla jakinik, harrigarria da benetan honelako arduragabekeriaz jokatzea. Eskolak aurrerantzean eman behar dituen urratsetan, hitz nahastura gutxiago espero dugu eta bidea lokazten inor gehiago ez aritzea, bestela ere nahiko lana badugu eta. Jakina, adierazitako hau guztia «askatasun osoz» egin dugu, euskal idazle ezagun batek bere zutabean zioen bezala.