«Galdeketak landuko den herri eredua zehazten lagunduko du»
Izurtzako alkate Lorea Muñozek udal hirigintza plan berria berrikusteko abian duten prozeduraz hitz egin du GARArekin. Herritarrei oso gutxitan galdetzen zaie zer nolako hirigintza-garapena nahi duten. Izurtzan, aldiz, hori egin dute. Muñozen esanetan, gobernu taldearen konpromisoa da; euren iritziz, «herritarrak gure herriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren erabakietan parte aktibo izan behar direlako».
Nerea GOTI
Izurtzan, hirigintza plana berrikusten ari dira, eta horretarako administrazioan ohikoa ez den prozedura jarri dute martxan. Herriaren garapena erabakitzeko, arlo ezberdinetako teknikariek osatutako talde bat kontratatu dute -besteak beste, soziologian, arkitekturan edo ingurumenean adituak-, baina nolako garapena nahi duten erabakiko dutenak herritarrak dira. Hirigintza planaren berrikustean zuzenean parte hartzeko deia egin die udal gobernuak, eta konpromisoa azken muturreraino betetzen ari da Lorea Muñoz buru duen udal taldea; izan ere, herri galdeketa deitu dute hil honen 27rako.
Zelan koordinatzen da teknikarien lana eta herritarren iritzien arteko uztarketa hori?
Ezinbestekoa da herriaren diagnostikoa egitea, eta ez teknikariek bakarrik, baita herritarrek ere. Horrela, herritarrek herrian zeren beharra duten, zeintzuk diren arazoak, inguru fisikoa aztertuaz zaindu beharreko lurrak zeintzuk diren eta abar identifikatu dugu. Lana hiru arlotan banatu da: ingurumena eta inguru fisikoa, hirigintza, eta sozio-ekonomia, eta tailer didaktiko eta parte-hartzaileetan landu da.
Zer jaso duzue tailer horietan?
Batzarretan aipatu diren gaiak azkenengo urteotan Udaletik identifikatuak genituen gaiak izan dira askotan: Izurtza gurutzatzen duen errepidea kentzeko beharra, Izurtzan bizi nahi duten herritarrentzat etxebizitza babestuak eraikitzea, erdigune bat garatzeko beharra, industriaren papera eta abar; beti ere, onura sozial handiena eta kalte sozial txikiena sortzeko ikuspuntutik, hau da, norbanakoaren interesak alde batera utziaz.
Zein unetan dago hirigintza planaren onarpena?
Otsailaren 27an, oinarrizko gai batzuei buruzko galdeketa egingo da, aurrerantzean landuko den herri eredua zehazteko, eta emaitzak aholku-kontseiluak aztertu beharko ditu idazle-taldearekin batera. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak egiten dituzten zuzenketak eta partikularrek egiten dituzten alegazioak aztertu eta apirilean behin-behinean onartu nahiko genuke.
Dagoeneko esan daiteke plan berriak zein ildo jarraituko duen?
Irizpide nagusiak nahiko argi daude, baina zehaztasunak galdeketaren emaitzek emango dizkigute. Datu horiekin eta aholku-kontseiluaren laguntzaz irtengo dira planteamendu berriaren nondik norakoak. Orokorrean, garapen ereduari begira, lur berriak ez urbanizatzea eta etxebizitzaren kudeaketa publikoa bultzatu nahi dira, besteak beste, nekazaritza lurrak babestu eta elikadura subiranotasuna zaindu, eta ingurune fisikoak dituen balioak ziurtatu eta duen potentziala garatu.
Etxebizitza garapenaren zutabe nagusietako bat da.
Azken hamarkadetan, promozio libreko familia bakarreko etxebizitzak soilik eraiki dira. Horren ondorioz eta beste faktore batzuekin batera, gazteek herritik joan behar izan dute eta prozesu sozialak gutxitzen joan dira. Helburua biztanleriak masa minimo bat izatea da, bertan biziko dena, bizitza herrikoia izango duena, zerbitzu minimo batzuk eta ekipamendu batzuk edukiaz, Durangorekiko menpekotasuna gutxituaz...
Lur ez urbanizagarrian ez da eraikin berririk aurreikusten. Egungo baserriak berriztatzea da lehentasuna, eta horretarako behar diren erraztasunak emango dira. Etxebizitzak egiteko kalifikatuko diren lurren portzentaje handi bat Udalaren lurzoruak izango dira; hori izan da helburuetako bat, kudeaketa ere publikoa izateko. Honen helburua bikoitza da; espekulazioa desagerraraztea eta Udalak herriaren beharrizanen eta egoera sozioekonomikoaren arabera etxebizitzak modu mailakatuan egiteko aukera izatea. Gaur egun 15 etxebizitza babestu egiteko asmoa dugu epe motz batean.
Zer galdetuko duzue 27an eta nork du parte hartzeko aukera?
Galdeketak lau galdera izango ditu, eta gaiak hurrengoak izango dira: lurzoru publikoetan eraiki beharreko etxebizitza babestuak eta ekipamenduak; lurzoru pribatuetan eraiki beharreko etxebizitza tasatuak eta eskuratu daitezkeen gune berde eta ekipamenduak; egungo arauetako hiri-lurretan familia bakarreko etxebizitzak eraiki ahal izatearen aukera mantentzea; eta jarduera ekonomikoetarako lurzoru berriak kalifikatzea.
Parte hartzeko baldintzei dagokienez, Izurtzan urtarrilaren 1etik erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek eta herrian azken hamar urteetan erroldatuta egon diren 16 urtetik gorakoek parte har dezakete. 11.00etatik 19.00era egingo da galdeketa udalbatza aretoan. Hurrengo 3 laneguneko epean 11.30etik 15.00etara udal bulegoetan bozka emateko aukera izango dute. Dena den, herritarren zalantzak argitzeko, otsailaren 24an, batzar bat egingo da 19.30ean.
Hirigunea sortzea garapenaren zutabe nagusietako bat da. Zelan planteatzen da?
Zer irtenbide dauka errepidearen arazoak?
Aldundiak borondate politiko falta erakutsi du Izurtzak jasaten duen arazoari irtenbidea emateko. Beti esaten digute beste lehentasun batzuk dituztela. Guri horrek ez digu balio eta lanean jarraituko dugu irtenbide bat lortu arte. Egun, trafikoaren abiadura moteltzea ezinbestekoa da eta hori lortzeko biribilgune baten proiektua egina dugu; Aldundiaren finantziazioaren zain gaude gauzatu ahal izateko. Gure helburua errepidea herri erditik ateratzea da, Izurtzaren etorkizuna guztiz baldintzatzen baitu, esan bezala, herritarren bizi kalitatean eragin oso kaltegarriak dituela kontuan izanda. N.G.
Izurtza errepideak erdibituta dago eta etxe gehienak errepidearen bi aldeetan sakabanatuta daude. Plaza bat dugu eta bertan frontoia, udaletxea, taberna, jubilatuen egoitza, mediku kontsulta eta abar dago. Gure helburua etxebizitza berriak plaza honen inguruan geratzea da, biztanleriaren hazkundea garatuaz bertan bizitzeko eta jendearen harremanak bultzatzeko leku atsegin eta praktiko bat sortu nahiko genuke, herriari bizi berria emateko. Gainera, beharrezkotzat jotzen dugu orain egiten diren jarduerei eta sortuko diren eskaerei aurre egingo dien erabilera anitzeko eraikin bat izatea.