LEGALIZACIÓN DE LA IZQUIERDA ABERTZALE
Hitz desberdinez, modu batera edo bestera, mami berbera
Kultura, kirola, irakaskuntza, gizarte eragileak... Arlo ugari eta anitzetako jendea bildu zen. Nork bere hitzez, nork bere modura, baina guztiek ideia berbera: Une historiko honetan, bake bi- dean, oinarrizkoa, hots, Sorturen legeztatzea.
Maider EIZMENDI
Pozarren bildutako jendea, atzera eta aurrera begira, alboetara... Nor ikusiko. Manifestazioa hasi aurretik, elkarrizketan bilduta, bizi dugun egoeraz hausnartzen, esan direnak eta ez direnak aipatzeko, bertaratzen ari zen jendetzaz solasean, pilatuta adierazpenak egiten ari ziren politikariei begira... Buruko pankartari begirada eta honen atzera gero, daudenez eta ez daudenez mintzo.
Euskal Herriko makina bat txokotatik Bilbora iristeko hartutako autobusetik zetozen asko gaia astinduaz; «gaur hemen ezin ginen falta», «behar beharrezkoa da indar erakustaldi hau», horiexek bertaratutakoen artean manifestazioa hasi aurretiko ideia errepikatuak. Hori eta gehiago, herritarrak hitz egiteko, adierazteko gogoz baitziren.
Herritarren artean zihoazen kultura, gizarte eta kirol arloko ordezkari diren herritarrak ere, pankartari helduta batzuk, jende artean nahastuta besteak.
Sostengu zabala eta arlo orotarikoa jaso du, izan ere, manifestazioak deialdi egunetik bertatik. Deialdia egin duten pertsonetatik hasita lehenik; izan ere, politika arloko pertsonak ez ezik, sindikalgintza, enpresa mundu edota irakaskuntza arlokoak dira, besteak beste, sustatzaileak. Atzokoan, horietako asko manifestazioaren buruko pankartari eutsita zihoazen.
«Une historikoa»
Honen atzean, hain zuzen, emozioz mintzatu zen Kontxita Beitia, aurreneko ikastolak sortu ziren garaiko andereño eta manifestazioaren bultzatzaileetakoa. Euskal Herriak bizi duen egoerari helduta egin zituen lehen adierazpenak: «Nik uste dut eta hemen gauden guztiok berdin pentsatzen dugu, seguru asko, oso une berezi eta historikoa dela bizitzen ari garen hau».
Horregatik, nabarmendu zuen, «inoiz ez, baina orain are gutxiago, ezin da beste aldera begiratu». Bere atzean manifestazioan bildutako milaka eta milaka lagunei begiratzeak ikaragarrizko emozioa eragiten ziola onartu zuen: «Jende ezagun asko ikusi dut, batzuk espero ez nituenak eta, horrek bereziki, sekulako poza eman dit, ikaragarria», aitortu zuen pankarta esku artean hartuta Plaza Biribilean sartu eta Bilboko udaletxea aurrean bistaratu zitzaiola.
Deialdiak herritarren babesa ez ezik, kultur eta kirol arloko pertsonen atxikimendu publikoa jaso du. Atxikimenduaren sinatzaileen artean agertu ziren, besteak beste, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Irati Jimenez idazleak, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda abeslariak, eta Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Sebastian Lizaso bertso- lariak.
Hain justu, jende artean zihoan Irati Jimenez idazle mundakarra. Euskal Herriak bake agertoki bat lortzeko bidean urrats gisa jo zuen Jimenezek Sortu alderdiaren legeztatzea: «Iruditzen zait behar- beharrezkoa dela bakerako Sorturi berez dagokion legezko aitortza egitea».
Inolako arrazoirik ez
Horretarako ez ezik, idazlearen ustez, denen askatasunerako ere beharrezkoa da ezker abertzalearen alderdiaren legeztatzea. Gainera, aitortu zuenez, ez du ikusten «ez arrazoi moralik, ez etikorik, ez legezkorik aitortza hori ez egiteko».
Ematen diren arrazoi politikoak erabat onartezinak iruditzen zaizkiola nabarmendu zuen; «are gehiago kontuan izanik bizi garen estatu honetan badirela alderdi batzuk, diktadura eta faxismoa kondenatzen ez dituztenak eta, are gehiago, goratu ere egiten dituztenak». Testuinguru horretan, beraz, «Sorturen legeztatzearen kontra ematen diren arrazoiak zentzugabeak dira», berretsi zuen Jimenezek.
Bilboko kaleetan pilatutako jendetzaz mintzo zen Joan Mari Irigoien idazlea ere. «Irudi honek poz handia ematen dit; jendetza bildu gara», onartu zuen, horrek, bere esanetan, esanahi argia duela gaineratuta: «Sekulako gogoa dugula politika benetan egiteko».
Idazle donostiarraren iritziz, gainera, aldarrikapen hau, dagoeneko geldiezina da. Irigoienek ez du ulertzen, «Sortuk eman dituen pausoak ikusi eta oraindik ere Gobernu espainola nola ari den etengabe trabak jartzen». Hain zuzen ere, jarrera hori salatu nahi izan zuen idazleak manifestazioan parte hartuz: «Horren kontra egiteko etorri naiz hona, Sorturen legeztatze berehalakoa eskatzeko».
Manifestazioan parte hartu zuten kirol arloko ordezkarien artean Mikel Astarloza txirrindularia aurkitu genuen. Azken garaiotan Euskal Herriak bizi duen egoerak neurriko erantzuna behar duela uste du pasaitarrak eta, bere esanetan, «gisa honetako egun batean ezinbestekoa da elkartasuna adieraztea».
Neurriko erantzuna
Txirrindulariaren ustez, horrenbeste jende mugiarazi duen aldarrikapenak tamainako erantzuna jaso behar du: «Positiboa, zalantzarik gabe, hori baita bidezkoa».
Gotzon Sanchezek ere antzeko iritzia azaldu zuen manifestazioaren hasieran, oraindik ere beronen tamaina sumatzeko zailtasunak zirela. Aktorearen ustez, «aurrean duguna aukera historikoa da» eta behar-beharrezkoa da, horrenbestez, orain «indar abertza- leak batu eta aurrera egitea». Zalantzarik gabeko eta behar-beharrezkotzat jo zuen Sorturen legeztatzea, «oinarrizkoa eta zilegia, gainera».
Manifestazioaren burua pasatzen ari zela txaloka hartu genuen Mikel Martin EHGAMeko kidea. Argi eta garbi mintzatu zen: «Bere ekintza politikoarekin herritarren egoera ho- betu nahi duen edozein pertsonak du biltzeko eta elkarteak osatzeko eskubidea».
Martinen esanetan, hori «oinarrizkoa eta demokratikoa da, zalantzarik gabe»; halaber, gay eta lesbianen eskubideen aldeko elkartearen ordezkariak eskubide horien errespetua oinarrizkotzat jo zuen bakerako bidean.
Batera edo bestera, argibide gehiago edo gutxiagorekin, guztien ahotan, beraz, mezuak mami berbera.