ITSASOA
Mullaghmore Europako lehen Tow-in txapelketa Irlandako olatu hotzetan
Irlandako kostaldean egin dute Europako lehen Tow-in txapelketa. Benjamin Sanchis eta Eric Rebiere bikoteak irabazi du txapela.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Egin berri dute Irlandan olatu handietako Tow-in txapelketa. Modalitate honetan egin den Europako lehen txapelketa da eta sarean zintzilikatu dituzten irudiak ikusita ikaragarria izan da. Urtarrilaren 1a eta martxoaren 31 bitartean egon zitekeen itsasaldi indartsu baterako prest egon behar zuten lehiakideek eta otsailaren 14an sartu zen itxaroten zuten itsasaldia. Otsailaren 11n jaso zuten abisua, hurrengo egunetarako itsaski handi bat zetorrela-eta prest egon zitezen.
Txapelketa Irlanda ipar-mendebaldeko kostaldean egin da, Sligo konderriko Mullaghmore lurmuturrean. Ingurune hau surf egiteko oso egokia da, itsasoarekiko orientazio ugari dago kostalde osoan eta horrek kilometro gutxian olatu mota desberdin ugari sortzen ditu. Irlandan surfak arrakasta gehien duen ingurunea da. Handik gertu dago Bundoran herria, arroketako olatu ederrak eta surf egiten ikasteko egokia den hondartza luze bat dituena. Oso ongi antolaturiko surf eskola eta dendak aurki daitezke Bundoranen eta urte osoan irekita daude gainera, nahiz eta klima lagun ez izan.
Mullaghmore
Mullaghmore izenak jatorri gaelikoa du. Irlandako herri izen asko bezala jatorrizko izenaren ahoskerak duen soinuaren antzeko izen bat da. Ingeles kolonizatzaileek bertakoen hizkuntza entzutean jasotzen zuten soinuaren araberako izena jartzen zioten herriari, horregatik herri askoren izenak jatorri gaelikoa izan arren, beste nolabait idazten dira, ahoskerak sortzen duen soinuaren antzera. Un mullach Mór litzateke gaelikoz haren izena, eta «gailur handia» esan nahi du.
Cliffoney eta Grange artean aurkitzen den arrantzale herrixka txiki zoragarria da Mullaghmore. Lur mutur honek irla itxura du, horregatik dauzka orientazio desberdinak bere kostaldean. Leku turistiko gisa ere ezaguna da, eta besteak beste, Atlantikoan dagoen Inishmurray irla bakartira joateko aukera ere badago, hara doazen ontziak Mullaghmoreko portu txikitik ateratzen baitira.
Ingurune honek duen alderik txarrena uraren tenperatura hotza eta haizeteak dira. Atlantikotik datozen haizeteek aurkitzen duten lehen lurraldea izaki, zuzen-zuzenean kolpatzen dute kostaldea, eta asko dira surf egiteko haize gehiegi izaten duten egunak.
Ura urte osoan dago hotza. Udan, egunak oso luzeak dira, oso goiz ateratzen da eguzkia eta berandu sartzen da, baina orduan ere hotza da ura. Uztailean uraren tenperaturak bere puntu gorena izan dezakeen garaian, 14 gradu inguruan ibiltzen da. Neguan berriz, egunak oso laburrak dira eta uraren tenperatura 8 gradukoa da.
Mullaghmoreko olatu honek duen bereizgarri ezagunena olatuak hartzen duen zabalera da. Ur gutxiko lekua da, marea goian hartu beharrekoa. Uhina, sakonera handiko leku batetik dator eta haitz plataforma bat aurkitzen du bat-batean, eta ezker olatu ikaragarri bat sortzen du horrek, indar handiko tuboarekin.
Olatu honen bat-bateko izaera dela-eta, arraun eginda hartzeko oso olatu zaila da. Txapelketa hasi aurretik, arraun eginaz olatu bat hartzera gerturatu zen surflari bat, baina ez zuen lortu helburua. «Ezinezkoa da olatu hori arraun eginaz hartzea, zeren olatua arroketara iristean bikoitza bihurtzen da eta azpiko ur guztia xurgatzen du», esan zuen Eric Rebiere irabazleak.
Sarituak
Billabong eta Monster babesleek antolatutako txapelketa honetako baldintzak ikusgarriak izan ziren, sei metroko olatu garbiak, baga egokia eta haizea lehorretik zetorrela eta tamaina onean.
Txapelketan 26 lehiakide izan ziren, alegia 13 bikote (moto gidaria eta surflaria). Txapelketak ordubete inguru iraun zuen orotara. Izan ere, kontuan hartu behar da mareak goian behar duela arrokak estaltzeko, eta surf egiteko denbora tarte labur bat baino ez du uzten horrek. Horiek horrela, lehiakide guztiak batera itsasoratu ziren ordubetez lehiatzeko. Helburua bikote bakoitzak olatu handiak hartu eta ahalik eta hobekien menderatzea zen.
Benjamin Sanchis (Sancho) eta Eric Rebiere bikote frantsesak irabazi zuen. Bi frantsesak txandaka aritu ziren surf egiten, batzuetan batek bultzatzen zuen bestea, eta alderantziz. Biak ibili ziren bikain. «Inoiz izan dudan Tow-in saio onenetakoa izan da», esan zuen Sanchok. «Egun osoa uretan egin genuen, eta atera bezain laster egin genuen lehen gauza Guinness pinta bat hartzea izan zen. Gainera, oso berezia izan zen, zeren pubean pinta hartzen ari ginen artean, Frantzia eta Irlandako ekipoak ari ziren errugbi partida jokatzen telebistan, eta Frantziak irabazi zuen», zioen ahoan alderik alderako irribarre batekin. Baina ospakizunak ez zuen luze jo, handik bi egun egunera, otsailaren 16an, Belharrako olatuetan ikusi ahal izan baikenuen txapela eskuratu zuen bikotea Tow-in egiten.
Gabe Davies ingelesa, Mullaghmoreko olatuetan surf egiten hasi zen lehenetarikoa izan zen, eta lekuaren ezagutza bikaina duela frogatu zuen, zailtasun handiko olatua menderatzearen saria berak jaso baitzuen.
Zartako handienaren saria berriz, bertako batek jaso zuen, Richie Fitzgeraldek hain zuzen ere. Olatu erraldoi batek irentsi zuen Bundoraneko surflaria eta gorriak ikusi zituen; «Konortea galtzeko zorian izan nintzen», esan zuen uretatik atera zenean, «egurtua sentitzen naiz, kolpatua, eta belauna, torloju bat sartu balidate bezala daukat».
Ez da txantxetako olatua Mullaghmorekoa, baina uraren tenperatura hotza kontuan hartzen bada, are eta latzagoa da erorketa bat, zeren hotzarekin uraren dentsitateak gora egiten du, eta erorketa kolpe bilakatzen du horrek. Bestetik, ura hain hotz dagoenean, sekulako buruko mina sortzen du ur azpian egoteak, beraz, ongi merezitako saria da erorketa bategatik jasotzen dena.
Bira erradikalena egin zuen lehiakidea Barry Mottershead izan zen eta honek ere saria jaso zuen. "Jarrera suizidaren" saria Shane O'Connor irlandarrak eskuratu zuen, urautsiaren hastapenetik olatuaren gune kritikoenean egoten saiatzen baitzen.
Surflaria olatura garraiatzen duen moto gidariaren lana ez da batere erraza. Epaileek kontuan izan zuten olatu handi horiek behar bezala hartzeko uretako motoekin egin behar den lana, eta gidari onenaren saria Lyndon Wake ingelesari eman zioten.
Tow-in modalitatea oso eztabaidatua izan da bere hastapenetatik. Kritikak ugariak eta mota askotarikoak dira, baina motoen erabilera eta honen zilegitasunaren afera alde batera utzita, dudarik ez da modalitate honetan egin daitekeen txapelketa mota gisa, Mullaghmoren egin berri dena, ontzat jo daitekeela. Batetik arraun eginaz hartu ezin zitezkeen olatuetan egin zelako, eta bestetik, lehiakideek erakutsi zuten maila onagatik.
Itzelezko irudiak utzi ditu txapelketa honek. Sanchok egin zuen bizkarkako tuboa beldurgarria izan zen, eroriz gero zer gertatuko ote litzaiokeen pentsarazten duen horietakoa. Baina ez zen bakarra izan, lehiakide guztiek jardun zuten bikain, jardute hutsarekin bakarrik, baldintzak kontuan hartuta. Irudiak ikusita, Tehaupo dirudi, uraren kolore ilunagatik eta surflariek daramaten neoprenoagatik ez balitz.
Zartako handienaren saria bertako Richie Fitzgeraldek jaso zuen. Olatu erraldoi batek irentsi ostean konortea galtzeko zorian izan zen eta akituta atera zen uretatik, baina atera zen.