ITSASOA
«Surferrak pijoak!!»
Surflari ernegatua
Maite dut esaldi hau. Askotan entzun behar izan dut, zirikatu nahian hurbildu zaidanaren ahotan, eta egia da, maite dut. Batetik, egia borobila delako eta, bestetik, ahoa ireki duen kidea bera, agerian uzten duelako. «Surfer» hitzarekin zer ulertzen den edo «pijo» hitzarekin zer ulertzen den galdetzea besterik ez dago bi gauzaz ohartzeko. Bat, definiziorik ez duten bi termino direla eta bi, nork bere definizioa egitean, bere burua zuritu ordez agerian utzi baino ez duela egiten. Beraz, esanahiaren inguruko gogoeta beste baterako utziko dugu gaurkoan.
Ez dago garbi esaterik surfer bat zer den eta ezta pijo bat zer den ere, baina bi hitzek konnotazio negatiboak dituztela esan daiteke, haien erabileraren tonua kontuan hartuta. Nork bere irizpideen arabera deskribatu ditzakeen hitzak dira, hiztegietan ageri ez direnak. Horrela, pertsona adina irizpide zenbatu daitezke hitz hauen esanahia deskribatzeko.
Pijo baten irudia deskribatzeko esango balidate, horrela marraztuko nuke giza espezie hau. Kaotiko-ren kamisetarekin narras itxura eman nahi duen poteatzaile tipikoa, tabernaz taberna ibiltzeko bere «riñonera» arrastaka eramango dion xerpa bakarrik falta zaion mendizale ekipatu horietako bat. Himalaiako gailurretara igotzeko prestatutako arropa haxix porroen txina puskekin zulatzeko inongo erreparorik ez duen horietakoa. Bere burua sistemari aspaldi saldua, «burua asentatzeko» bikotea (konplizea) behar duen horietakoa. Edozein asteburutan, edozein eski estaziotan aurki dezakezun furgoneta berberean ilaran lerrokatzen den horietako bat. Bai, Arrasaten itxura hori izan dezake pijoak, eta Zarautzen, berriz, Kaotikoren ordez Quiksilver kamiseta bat daramagu. Zer iruditzen? Honezkero baten bat ernegatu da, ezta?
Orain surferrak eta pijoak kirolarien ermandadean txertatuta gaude eta gure lekutxoa egin digute gizarteko esfera ametituetan. Iaz Donostiako belodromoan Euskal Herriko Kirolariek antolatu zuten ekimenean (Kirol Haerria) oholtza aurrean ikusi ahal izan genituen kirol ugaritako ordezkariak eta tartean baita surflariak ere. Egia esan, kirolarien zoologiko hartan denetarik zegoen, baina, itxurari dagokionez, surflariek zuten planta apalenetakoa zen. Lehen bereizketa talde-kirolarien eta norbanako kirolarien artean ikus zitekeen. Futbolari eta txirrindularien ondotik pasatzean usain zitekeen ile-gogortzaile, desodorante, lurrin eta abarren usaina gehiegizkoa ez ezik, desaraukoa ere bazen, inauteri egunean mozorrotutakoek izan dezaketen usainaren antzera. Ileorde koloretsua eta takoi luzeak balituzte, drag queen-tzat joko genituzke. Baina ez, talde-kirolariek beti izan dute konplizitatearen babesa; bakar bat mozorrotuta, «ero» bat da, baina hogei, ekipoa.
Surfak kirol estatusik ez zuen garaian, kirola egiteko asmorik ez al genuen galdetzen ziguten borondate oneko hiritarrek. Nola esplikatu ilea gorriz tindatu nahi badut, ez dudala taldearen babesik behar? Ez dudala apustu faltsu bat asmatu behar nire errugbi edo saskibaloi taldekide guztiek ere ilea margotu dezaten, eta egin beharreko tontakeriak, talde izenaren aitzakiapean, babesa izan dezan. Erantzukizunak norbanakoarena behar duela eskolan erakutsi nahi ez diguten zerbait da, zeren hortik abiatuta ekimen kolektiboek ere erantzukizunaren afera azalarazten dute eta haritik tiraka... nola onartuko dugu ba, muturreko adibide bat jartzearren, munduko gosetearen aferan, Mendebaldeko hiritarrok erantzule garela?
Eta bai, surferrak pijoak gara, gainontzeko kirolarien pare telebistan agertzen hasi ginenetik eta gizartea talde-kirolariek izan dezaketen babes bera eskaintzen hasi zitzaigunetik. Baina kontuz, ez ahaztu, orain kirolariak garen berberak, lehen drogazale pijoak ginen. Ez dugu lehen egiten ez genuenik egiten. Aldatu dena orain gure irudia salgarria dela da eta egiten duguna komunikabideetan agertzen dela, eta hor agertzen bada, ona izango da, ezta?
Gaztetan, «pijo» irain moduan esaten ziguten epe laburreko «borrokilla» eta sasi-punkiek, denak batera, lanean hasi, parrandak utzi, maitemindu, ezkondu, furgoneta erosi, ezkontzak eta gorbataren estatusak ematen duen parranda baimena eskuratu eta euren burua sistemari saldu aurretik. Ikusten ez gintuztenean pijoak ginen eta ikuskizun bilakatu gintuztenean, hara non, iseka egiten ziguten berberak gurekin gogoratu ziren. Eta denek deitzen zuten banan-banan, gauza bera esateko, behingoagatik aparteko zerbait egiten ari zirelakoan; «Ez didak sinetsiko zertarako deitzen diadan. Surf egiten hasi nahi diat. Lagunduko didak?». Erantzuna: «Hik ez duk autoan (furgonetan) ardi baten pegatina bat itsatsita eramango, kasualitatez?».
Pubertaroak luze jo dezakeela agerian uzten dute gaur surf egiten hastea gauza berezia edo bestelakoa dela uste dutenek. Bai, surfer-ak pijoak gara, baina batez ere, surfa kirol arrunt bihurtu denetik. Gezurra dirudi, baina nahiago nituen Lasarteko institutuan pijo deitzen zidaten haiekin ukabilkadaka aritzen nintzen garaiak. Beti galtzen nuen, beti ubelduta, lumatuta, akituta, baina tente, oilarra baino tenteago, Quiksilver jertse fosforitoarekin. Pijoak ginen bai, baina behintzat bagenekien zer ginen.