GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

«Sinde Legea»: onartuta

Egilearentzat, funtsean, «Sinde Legea»-k jabetza intelektualaren eskubidea «oinarrizko eskubideen kategorian» kokatzen du, adierazpen askatasunaren parean. Legeak nola funtzionatzen duen azaltzen du, eta «aztoragarria» izateaz harago, zentsurari bidea irekitzen diola. «Noren buruan sartzen da lege honek kulturaren industria berrindartuko duela?»; eta aurreko beste artikuluetan legez, «eredu berri» baten beharraz ohartarazten du. «Sinde Legea»-rekin kaltetuak herritarrak direla dio eta, bukatzeko, «kultura politikoaren» eta «politika kulturalaren» gainbehera islatzen duela.

Sinde Legea» joan den otsailaren 15ean onartu zen Estatu espainoleko Kongresuko osoko bilkuran. Ez zen legea aztertzen zen lehen aldia, iazko abenduan ere leku beretik pasa baitzen. Baina, lehenengoan ez bezala, bigarrengoan onartua izan da. Webguneak itxi ahal izateko legea, beraz, indarrean izango da laster Estatu espainolean ere. Ez, ordea, aurrez Senatutik pasa eta hainbat negoziaziok tartea izan gabe. Han onartu zen, Senatuan, hortaz, lehen aldiz, PSOEren, PPren eta CIUren babesarekin.

Adostasun negoziatu hori da Kongresura eraman zutena eta, bigarren saiakeran, Senatukoa errepikatuz, PSOEk, PPk eta CIUk emandako 323 aldeko botorekin, behin betiko onartu zen. Horrela sartu dute «Sinde Legea», atal gisa, Ekonomia Iraunkorraren Legea deitzen dioten horretan. Horrela «salbatu» dute «deskargen kontrako legea». Horrela lortu dute «onik ateratzea», aurkako 19 botoek (PNV, ERC, BNG, ICV, UpyD eta CC) eta abstentzio bakar batek ezin izan baitzuten ezer egin. Ez eta Internet erabiltzaileen elkarteen exijentziek ere.

«Salbatu» dute, «onik atera». Baina hori «onik ateratzea» da? Ba al dago, berez, benetako onuradunik lege honen atzean? Artistak eta, oro har, kulturaren industria, onuradun egiten al ditu lege honek? Ziur? Interneten kontra joanda, onik aterako al da? Interneten funtzionatzeko moduari bizkarra ematea al da kulturaren industria osoa bizirik mantentzeko bidea? Noren buruan sartzen da hori? Inoren buruan sartzen da? Ez dakit. Dakidana da aurkako ondoriora iristeko, hau da, lege honek onurarik sortzen ez duela pentsatzeko, nahikoa arrazoi badaudela.

Baina, orduan, zergatik horrenbesteko interesa onartua izateko? Funtsean, «Sinde Legea»-k jabetza intelektualaren eskubidea oinarrizko eskubideen kategorian kokatzen du, hau da, adierazpen askatasunaren parean, adibidez. Eta zertarako bilakatu nahi dute jabetza intelektuala oinarrizko eskubide? Zer suposatzen du horrek? Nola funtzionatzen du, hortaz, «Sinde Legea»-k? Hona modu sinple eta laburrean adierazteko saiakera bat: demagun: 1) Bere lanak jabetza intelektualaren azpian babesten dituen artista edo sortzaile batek webgune batean bere lanak baimenik gabe erabiltzen ari direla ikusten du; 2) «Sinde Legea»-ren baitan, batzorde bat sortuko da jabetza intelektuala babestu, kasu hauek aztertu eta dagokion kasuetan salaketak ezartzeko, eta, beraz, artista edo sortzaileak, batzorde horrengana jo behar du salaketa jartzera; 3) Batzorde horrek salaketa aztertuko du; 4) Arrazoi nahikorik ikusten ez badu, salaketa atzera botako du, baina jabetza intelektualaren aurkako erasotzat jotzen badu, webgunearen kontrako prozedura judizialaren hasiera eskatuko du; 5) Prozeduraren helburua webgunea ixtea da, horretarako hainbat urrats egingo direlarik.

Baina zer da, beraz, aztoragarria prozesu horretan? Hasteko, batzorde hori da jabetza intelektualaren babeslea eta prozedura judizialaren hasiera eskatzen duena, alegia, batzorde horrek erabakiko du webgune batek «Sinde Legea» urratzen duen ala ez. Eta, adi: «Sinde Legea» urratzea ez da jabetza intelektualaren legea urratzea; «Sinde Legea»-ren arabera, batzorde horrek webgune batek «ondare-kaltea egin dezakeela» kontsideratzen badu, nahikoa da prozedura judiziala eskatzeko. Beraz, jada ez da beharrezkoa Jabetza Intelektualaren Legea urratzea ere. Batzorde horrek erabakitzen du dena.

Eta, nortzuek osatzen dute bada, batzorde hori? Gobernu espainolak izendatuko ditu: tartean, Industria, Kultura eta Ekonomia ministerioetako kideak eta Jabetza Intelektualaren eremuan «adituak», hau da, hasieratik salatzaileak direnak. Laburbilduz: salatzaileak jartzen du salaketa, salatzaileak erabakitzen du «ondare-kaltea» dagoen ala ez, salatzaileak eskatzen du prozedura judizialaren hasiera, eta epailearen baimena lortzen duen heinean, salatzailea bera da webgunea itxi bitarteko prozesu guztia aurrera eramango duena.

Esku-hartze judizialaren harira, eta arestian aipatu bezala, Kongresuko bigarren saiakeran onartua izateko, «Sinde Legea» aurrez Senatutik pasa zen. Bertan, legearen zenbait elementu aldatu zituzten, guztiak ere esku-hartze judizialari erreferentzia egiten ziotenak. Aldaketa horien ondorioz, onartu berri den «Sinde Legea»-n, webgune bat ixteko prozesu osoan, hasieratik bukaeraraino, esku-hartze judiziala bermatzen da. Eta zer esan nahi du horrek? Bada batzorde horrek prozedura judizialaren hasiera eskatzen badu, epailearen baimena behar du: lehenik, webgunearen hornitzaileari webgunearen jabearen datu pertsonalak eskatzeko; bigarrenik, hornitzaileari webgune horri eskaintzen dion zerbitzua eteteko eskatzeko; hirugarrenik, webgunearen jabeari eduki horiek kentzeko eskatzeko; eta, azkenik, baita batzordeak berak webgunearen inguruan hartutako erabakiak indarrean jartzeko ere.

Egia da, prozeduraren edozein unetan, epaileak baimena ukatzen badu, prozedura gelditu egiten dela. Baina egia da ere, epaileak baimena bakarrik ematen duela, eta batzordea bera dela, funtsean, salatzailea eta, era berean, webgunearen gaineko erabakiak hartuko dituena. Botere judizialak, hortaz, prozedura zaindu egiten du soilik, ez besterik. Ez al da aztoragarria?

Aztoragarria izateaz harago, zentsurari bidea irekitzen dion legea da batzuentzat. Salatzaileari ahalmen gorena ematea, beste batzuentzat. Edozein kasutan, «Sinde Legea»-ren atzean, zalantzarik gabe, AEBetako Gobernua eta Europan zehar Interneteko deskargen kontrako lege atzerakoiak han eta hemen onartzeko bere gogo eta beharra dago. Hori da lege horren jatorria, kulturaren industriaren krisia behin eta berriz aipatzen badigute ere.

Baina hori horrela izango ez balitz ere, noren buruan sartzen da lege honek kulturaren industria berrindartuko duela? Nork pentsa lezake Jabetza Intelektualaren azpian babestuta dauden artista horien lanak, «Sinde Legea»rekin babestuago egongo direla? Egun, zein da eta non dago artista horien publikoa? Alex de la Iglesiak argi eta garbi esan zuen Goya sarien ekitaldian: «Jokoaren arauak aldatu egin dira; Internet erabiltzaileak ez dira internautak, herritarrak dira; eta herritarrak gure publikoa; Internet oraina da, eta Sinde legea, berriz, iragana».

Edukiak Internetetik kentzeko ahaleginak, lan horien publikoa murriztea lortzen du, ez besterik: artista baten publikoa nekez hedatuko baita bere lanei Interneteko kanala ixten bazaie. Inoiz konturatuko dira: «Sinde Legea»-rekin beren buruari harrika ari dira.

Lege honen inguruan idatzi nuen azken artikuluan ere esaten nuen: eredu berri bat behar da. Eredu berri bat: non, deskarga formatuan izan ez arren, Internetek ekarri duen kulturaren eskuragarritasuna ezinbesteko elementua izango den; non artista eta sortzaileen etorkizuna bermatuko den; eta non, funtsean, kulturaren industriaren etorkizuna egungo baliabideetatik eta egungo baliabideetarako ere diseinatuko den.

Herritarrak, Internet erabiltzaileak, egokitu dira joko-arau berrietara. Jabetza intelektualaren bandera ateratzen duten artistak, ez. «Sinde Legea»-rekin denok gara kaltetuak, baina zalantzarik gabe: batez ere, herritarrok. Kultura politikoa eta politika kulturala herritarron aurka: biak ala biak gainbeheran. Atzera begira, itsu. Egokitu gabe, aldatzeko asmorik gabe. Krisiaren izenean hartu duten beste neurri atzerakoi bat da «Sinde Legea».

Eta... benetan, hain urrun dugu Tahrir, askapenaren plaza?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo