GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT-ren proiektua Tolosaldean eragiten ari den kaltea salatzeko manifestazioa deitu dute

p016_f02_111x111.jpg

GARA | TOLOSA

Ikaztegietatik abiatu eta Tolosara, Ugane auzora, bidea egin zuten; honela salatu nahi izan zuten larunbatean Tolosaldeko hainbat herrik AHTren lanak direla-eta bizi duten egoera. Agerraldia, halaber, datorren larunbatean Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak deituta egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzeko baliatu zuten hainbat lagunek.

Agerraldian adierazi zutenez, «obren mugimendua une honetan gehienbat Aldaba, Alegia eta Aldaba Txiki inguruan» nabari bada ere, «proiektua leku guztietan doa aurrera eta momentu honetan Tolosa-Hernialde zatiko desjabetze prozesua aurrera doa».

Zentzu horretan, informazio falta dagoela salatu zuten; izan ere, lurjabe askok orain gutxi jakin dute egoeraren berri eta nora ezean dabiltza. Bien bitartean, kritikatu zutenez, «akordioak lortu nahian deitzen dituzte banan-banan udaletxeetara».

Lan askoren irregulartasunaz ere kexatu ziren eta, besteak beste, honakoa aipatu zuten: «Alegiako Eguzkitza zabortegian, behar den bezalako lizentziarik gabe ari dira betelanak gauzatzen».

Udalen erantzukizuna

Egoera horretan inguruko udalek duten erantzukizuna nabarmendu nahi izan zuten. Kasu batzuetan informazio eza izan da haien lanaren oztopo nagusia, baina udal batzuk, Tolosakoak kasu, erakutsitako jarrera gogor gaitzetsi zuten. «ETS bulego lotsagarri bat ireki zuten udaletxean bertan, herritarrek duten informazio eskasa baino are eta gutxiago ematen zuena». Halaber, esku artean duen informazioa herritarrei ez diela helarazten ere salatu zuten, esaterako, «Tolosa-Hernialde zatiko Eraikuntza Proiektua ez dio herriari ezagutarazi».

Haraneko gorabeherei ez ezik, proiektuak bere osotasunean dituen ezaugarriei ere heldu nahi izan zieten, ekonomikoei esaterako: «Galera izugarriak dakartza eta inoiz baino argiago ikusten da orain; hainbat murrizketa egin dituzte osasungintza, hezkuntzan, pentsioetan... baina, hala eta guztiz ere, hor jarraitzen du proiektuak».

Era berean, AHTren eraikuntza lanetan hil diren hiru langileez ere mintzatu ziren eta heriotza horien atzean «lan egoera prekarioa» dagoela gaineratu zuten. Hala, horrela jarraituz gero, «zenbatera iritsi behar dugu?», galdegin zuten.

Aipatu arrazoi horiek guztiek bultzatu dituzte Tolosaldeko AHT gelditu! Elkarlaneko kideak datorren asterako manifestazioa deitzera. Herritar guztiei egin zieten dei, larunbatean 17.00etan Tolosako Triangulotik irtengo den protestan parte hartzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo