SASKIBALOIA Lagun Aro GBC, galtzaile Estudiantesen etxean
Jostura nahi baino arinago eten da
Aurreneko zati aparta eginda, bigarrenean kale egin zuten donostiarrek. Mirallesi esker, azkenera arte aukerarik izan zuten, dena den.
ESTUDIANTES 88
LAGUN ARO GBC 81
Arnaitz GORRITI
Aurreneko zati aparta josi zuen Lagun Aro GBCk. Bigarrenean, aldiz, indarrek huts egin zioten, eta Estudiantesek Nik Caner-Medley eta Ellisen puntuak aurkitu zituen bitartean, Albert Miralles izan zen ia bakarrean gipuzkoarren aukerei eutsi ziena. Sailkapenaren erdialdean kokatzeko abagune aparta galdu zuten Pablo Lasorenek, nahi baino arinago eten baitziren atzoko partidako josturak.
Hiruko hiru saskiratzerekin eta Salgado eta Koneren arteko jokaldi batekin 0-13ko partzialaz ekin zioten partidari donostiarrek. Baron ez zebilen fin, baina Panko eta Lorbek bai; Salgado ere, hatz batean arazoak izan arren, bikain ari zen eta azken unean lorturiko saskiratze bati esker hamar puntuko aldeaz aurretik amaitu zuten gipuzkoarrek aurreneko laurdena: 15-25.
Estudiantes lozorrotik pixkanaka esnatzen hasi zen, ordea. Caner-Medley, Clark eta Ellisen eskutik, 19-31tik 28-31ra hurbildu ziren madrildarrak.
Estudiantesek defentsa zorroztu zuen Grangerren bitartez, eta Gipuzkoa Basketek larregi nabari zuen Salgado kantxan ez zebilenean. Hala, neurketa berdindu ez ezik, aurretik ere jarri ziren madrildarrak: 40-38. Mirallesek eta Salgadok itzuli egin behar izan zuten kantxara, eta bien lan apartari esker, atsedenaldirako aurretik ziren ostera ere donostiarrak, markagailua estu bazegoen ere: 40-43.
Miralles, bakartiegi
Atsedenalditik bueltan, Miralles bakarrik nabarmendu zen donostiarren artean, eta ez zen nahikoa izan markagailuan aurretik jarraitzeko. Hala, Doblasek hirugarren laurdenean bakarrik saskiratu zuen eta Baronek, laugarrenean; Pankok ere bigarren zati osoan bi puntu baino ez zituen sartu; Salgadok tarteka arnasa behar zuen eta Uriz oso ilun aritu zen.
Ostera, Estudiantesen Caner-Medley -23 puntu eta 12 erreboterekin, denetan onena- ez zenean, Ellis -2-3 zonakako defentsa txiki-txiki egin zuten bere hirukoek- edo Clark azaltzen ziren. Ondorioz, 12 puntuko aldea ere lortu zuten Luis Casimiroren gizonek -88-76-, eta nahiz eta Miralles eta Baronen eskutik hurbildu, gipuzkoarrek ordurako ez zuten neurketa iraultzeko ez indarrik ez astirik.