GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Honek ez dauka etenik

Bide bakartzat erakutsi nahi dutena ez da sekula bakarra izaten; zenbat eta gehiago gotortu estamentu eta botere ezberdinak diskurtso bakarraren inguruan, orduan eta kontrakoaren froga gehiago. Euskal Herrian badakigu zer egin nahi dugun eta zelan egin behar dugun

Zerbitzu sozialetan murrizketak, sektore publikoaren kontrako erasoak, lan eta pentsio erreformak... ez pentsa, hala ere, hau amaitu denik. Krisialditik irten, irtengo dira; krisialdia erabili, erabiliko dute; aspalditik itxaroten ari ziren momentua da hau; kapitalismo hutsa zertan den ezagutuko omen dugu. Berba apokaliptikoak, akaso? Ez behar beste.

Soldaten txanda da, antza. Merkel ailegatu eta eztabaida mahai gainean utzi zigunetik. Soldatak KPIari edo produktibitateari lotu behar ote diren izan dute hizpide patronalak, bankak eta instituzioek. Hedabideen laguntza ere izan dute, produktibitatea gorantz joan den bitartean, soldatak behera joan direla erakusten diguten taula eta guzti.

Denak bat etorri dira halako neurrien premia nabarmentzean. Baina nahita faltsututako eztabaida batetik abiatzen gara. Ez patronalak, ez bankak, ez instituzioek ez dute aurreko urte «onetan» honelako neurririk eskatu, nahiz eta orain, lotsa barik, batzuek esan euren betiko eskaera dela hau. Eta normala da. Hau guztia ez datza benetan soldatak produktibitateari lotzean, ez dauka zerikusirik sortzen den aberastasunaren banaketarekin, ezta hazkunde ekonomikoaren irabazien banaketa sozialarekin ere. Produktibitatea areagotzeko behar diren lan baldintzen eztabaida aparte geratzen da eta enpresaren kontuak erakusteaz berbarik ere ez dute egin nahi.

Euren kabuz erabaki nahi dute gure soldatak jaitsiko dituztela eta, gainera, noraino jaitsiko dizkiguten. Kitto. Estatu espainolaren KPIa %3,3koa dela ikusita, seguru bat baino gehiago hasi dela kontu honetan azeleragailua zapaldu dezatela eskatzen.

Beste alde batetik, emakumeon soldaten kasuan benetan geratuko litzaieke tarte txikia jaisteko, azken estatistikek erakutsi bezala, %28 %39 bitartean gutxiago kobratzen dugu eta. Beraz, patronalaren urrezko ametsa betetzen pole position-ean gaude gu: erritmo honetan doan egingo dugu lan, eta gainera, pozik, enplegua edukiko dugulako -bestela, enplegurik ezean, Zabaleta etor liteke zigorra ezartzeko prest- eta «gure» enpresak konpetitiboak izango direlako.

Batzuk apur bat harago joan dira eta patronalaren benetako aldarrikapen historikoa mahaigaineratu dute: soldatak produktibitateari lotu, baina ez sektorearen edo enpresaren produktibitateari, baizik eta langile bakoitzaren produktibitateari. Negoziazio kolektiboa negoziazio indibidual bihurtu, alegia.

Eta negoziazio kolektiboaz ari garela, horren erreforma gainean daukagu. Aurreko batean aipatu genuen zentralizaziorako erabiliko dutela ia duda barik, eta ia duda barik ere, honetan horren erreformak prekarizazioan eta soldaten jaitsieran eragingo du zuzenean. Eta hor, CCOO eta UGT, Madrilen (eta berton) aurretik ipintzen dieten guztia sinatzen...

Bakartzat erakutsi nahi duten bidea ez da sekula bakarra izaten; zenbat eta gehiago gotortu estamentu eta botere ezberdinak diskurtso bakarraren inguruan, orduan eta kontrakoaren froga gehiago. Euskal Herrian badakigu zer egin nahi dugun eta zelan egin behar dugun. Arazo txiki eta nimiño bat baino ez daukagu: batzuei ez zaiela oso ondo iruditzen eta ez daudela uzteko prest.

Baina hori ere gaindituko dugu, eta bide horretan goaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo