GARA > Idatzia > Kultura

«Mar afuera, tierra adentro», Donostiari buruzko kronika, lau artistaren obraren bidez

Jose Manuel Aizpurua, Eduardo Chillida, Gabriel Celaya eta Luis Martin Santosek lotura estua zuten Donostiarekin. Beren obren bidez, hiriburuaren kronika osatu du ostiralean ETB2-n estreinatuko den dokumentalak.

p043_f01_97x140.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Hiri bat: Donostia. Eta lau artista: Jose Manuel Aizpurua (Donostia, 1902-1936), Gabriel Celaya (Hernani, 1911- 1991), Luis Martin Santos (Larache, Maroko 1924-1964) eta Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002). Arkitektoa, poeta, idazlea eta eskultorea, hurrenez hurren. Laurek harreman estua izan zuten Gipuzkoako hiriburuarekin. Hori dela eta, horien lanaren bidez Donostiari buruzko kronika irudikatu nahi izan du ETB2k ostiralean -22.00etan- estreinatuko duen «Mar afuera, tierra adentro» dokumentalak.

Pepe Azpirozek eta Antonio Cristobalek zuzenduta, lau izen entzutetsu horien ibilbide pertsonalari eta sormen lanei errepasoa emango dio, baina hau guztia aitzakia izango da hiriburuaren kronika egiteko. Dokumentalerako, gainera, ezagunak diren zenbait lagun eta senideren gogoeta, oroimen eta ekarpenak ikusi eta entzun ahal izango dira. Horien artean, Jose Luis Munoa oftalmologoa, Luisa Etxenike idazlea, Javier Sada Donostiako kronikagile eta historialaria eta Ricardo Ugarte eskultorea.

Loturak

«Ezberdinak ziren, baina elkarrengandik urruntzen zituzten ezaugarriak baino gehiago ziren komunean zituztenak», adierazi zuen Felipe Juaristik. Berak izan du gidoia idazteko ardura eta, bere esanetan, itsasoarekiko lilura zuten guztiek; horren adierazle dira Chillidak eraikitako «Haizearen Orrazia» eskultura edota Jose Manuel Aizpuruak Kontxako badian egin zuen Nautiko eraikina. Celayak, berriz, Donostia «hiri ireki» gisa deskribatu zuen, «denek elkar errespetatzen duten abangoardiazko hiria», gogorarazi zuen Juaristik.

Esan bezala, elkarren artean ezberdintasunik ere bazegoen. Aizpuruak 30eko hamarkadan ideia faxistekin bat egin zuen -bere ideiengatik fusilatua izan zen Ondarreta kartzelan 1936an- eta Santos, berriz, 50eko hamarkadan legez kanpokoa zen PSOE alderdikoa zen. Horren gainetik, ordea, «lagunak ziren» eta «hitza erabiltzen zuten eztabaidatzeko».

Lanaren helburua «artea kontzientzia edo pentsaera ezberdinak biltzeko giltzarri gisa azaltzea da». Nolanahi ere, «Mar afuera, tierra adentro» ez dela «Donostiaren Historia» gaineratu zuen, «Donostiako historia bat baizik». Dokumentala eskaini ostean, mahai-ingurua egingo dute, besteak beste, Jose Luis Munoa, Julia Otxoa eta Jorge G. Arangurenekin.

Klaudio Landak gidatuko ditu arratsaldeak ETB-2n

Ostiralean ETB2ko «Aspaldiko» saioak agur esango die ikus-entzuleei eta «Ni más ni menos» saio berriak hartuko dio lekua. Klaudio Landak aurkeztuko du Arantza Sinobas kazetariarekin batera.

Saioa astelehenetik ostiralera zuzenean eskainiko da, 16.00etatik aurrera, eta bi orduko iraupena izango du. Gai askotariko edukiak jorratuko dituzte kolaboratzaileek mahai-inguruan: ikuskizunen ingurukoak, informazioa, norbanakoen istorioak, iritzia, osasunaren gainekoak edota gastronomiarekin zerikusia dutenak. Bestetik, eztabaidak eta elkarrizketak ere izango dira.

Ez da, ordea, EiTB-k azken egunetan iragarri duen berritasun bakarra. Izan ere, sortu nahi den ETB4 kate berriaren bideragarritasuna aztertzeko ikerketari ekin diote. Kate tematikoa izango da eta kirolarekin loturiko edukiak soilik eskainiko dira. O. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo