GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Otsailak 23, haren aurreko eta osteko demokrazia

Otsailaren 23ko estatu-kolpea, errege espainiarra legitimatzeko erabili izan dute, besteak beste. Batzuek, halaber, frankismotik abiatu zen trantsizioa susmorik gabeko demokrazia bihurtu zuen gertakaritzat jotzen dute otsailaren 23ko estatu-kolpearen «porrota». Hala ere, demokrazia horrek epaiketara eraman zituen akusatu bakanei ezarritako zigorrak, zigortutakoek kartzelan betetako denbora urria eta are indultuak ikusita, nekez esan daiteke kolpearen ondoren demokrazia eskas haren kalitateak hobera egin zuela.

Atzo, Estatu espainoleko instituzio eta hedabide gehienek estatu-kolpe haren 30. urteurrena espainiar demokrazia goraipatzeko baliatu zuten egun berean, Gasteizen amnistiaren aldeko mugimenduak euskal gazteen kontrako jazarpena eta kriminalizazioa salatu zituen: atxiloketa masiboak, zerrenda beltzak, torturak eta mendekuzko kartzela zigorrak. Ikaragarriak bezain argigarriak dira bi gasteiztarren kasuak: Oier Urrutiari 14 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazional espainolak etxean lau txapligu edukitzeagatik; Jokin Zerainen aurka, berriz, 35 urteko zigorra eskatu du fiskalak, ustez errepikagailu baten hesian zenbait kalte eragin zituelako. Bi lagin baino ez dira. Edonola ere, badira demokrazia espainiarrarekiko fede handia erakusten dutenak. Izan ere, fedeak ez du frogarik behar, ikusi gabe sinistea baita fedea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo