GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Berriztagarriak eta metal txiroak

Badirudi litioa etorkizunako petrolioa izango dela, eta Bolivia mende honetako Arabia Saudiarra. Boliviak eta Txilek dituzte hain zuzen litioaren munduko erreserba handienak.

Mikel SUSPERREGI mikel@carbonica.org

Energia berriztagarriez mintzatzen garenean, energia iturri agorrezinak datozkigu burura, biak sinonimotzat hartuz. Naturak sortzen dituen indar edo baliabideak, eguzkiaren argia, haizea, indar hidrauliko eta eolikoa, agorrezinak direla onartzen dugu.

Agorrezina izatea, printzipioz definizio praktikoa da, ezer ez baita izaera absolutuan agortezina. Badakigu, esaterako, errekin fosilak agortuko direla kopuru handitan erabiltzen ditugulako, eta ondorioz ez dira berriztagarriak. Alta, neurrian erabiliko bagenitu, agorrezinak izango lirateke. Hau da, karbonoaren zikloak bere birziklapen prozesua burutuko luke guk baliabide hauek agortu baino lehen, eta definizioaren zentzu literalenean berriztagarriak izango lirateke. Petrolioa, esate baterako, itsasoko planktonaren bidez sortzen da, eta prozesu honek adin geologikoan denbora luzea behar du, baina petrolioa etengabe sortzen ari da gure planetaren barruan. Beraz, sortzen den kopurua baino gutxiago erabiltzen badugu, energia berriztagarria dela esango genuke.

Kuriosoa da eguzkiaren argia eta beste baliabide naturalak nahi bezainbat ditugula, baina hauek uztartzeko erabiltzen ditugun teknologiek metal txiroak eta beste elementu kimiko bitxi batzuk behar dituzte. Adibidez, eguzki-plakak egiteko galioa, selenioa eta telurioa behar dira; bateriak egiteko litioa eta banadioa; teknologia eolikorako, ordea, neodimioa. Eta zalantzarik gabe, baliabide hauek oso mugatuak dira munduan.

Beraz, energia berriztagarriak behar izateaz gain, gure teknologiak berriztagarriak izatea ere behar dugu.

Badirudi litioa etorkizuneko petrolioa izango dela, eta Bolivia mende honetako Saudi Arabia. Boliviak eta Txilek dituzte, hain zuzen, munduko litio erreserba handienak, guztira hamabost bat milioi tona.

Litioa dagoen metal arinena da eta aplikazio asko ditu. Teknologia nuklearrean erabiltzen da, beroa ondo jasaten duten kristalak egiteko eta bereziki bateriak egiteko. Etorkizunean munduan nagusiki garraio elektrikoa erabiltzen badugu, errekin fosilak ordezkatzeko litioak izugarrizko balioa izango du gure zibilizazioarentzat.

Balio horrek galdera estrategikoak sortzen ditu eta denok izango gara baliabide hauen jabeen baldintzapean.

Interesgarria da munduko gobernu askok ez dutela gai honen inguruko estrategia sendorik. Munduan zehar energia berriztagarriak hobeak direla entzuten dugu sarritan, baina galdera honakoa da: nola aldatuko dute teknologia hauek munduko ondasun banaketa, botere harremanak eta egonkortasuna?

Estatu batzuek jadanik beren plangintza estrategikoa egiten ari dira. Munduko neodimio erreserba handienak ditu Txinak, eta energia eolikoaren arloan anbizio handiko garaiak ditu. Bere asmoa datorren urterako haizearen indarra uztartzeko 330 gigawatteko kapazitatea sortzea da. Hori egiteko 60.000 tona neodimio beharko ditu, baina hori da bere urteko neodimio produkzio osoa. Orduan, teorian, Txinak esandakoa egiten baldin badu, mundua neodimiorik gabe geratuko da urtebetez, eta orduan ez dakit nola egingo dituzten mikrofonoak eta disko-gogorrak AEBetan edo Japonian.

Argi dago, metal txiroen kontuak galdera estrategiko asko sortzen dituela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo