GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Igandeko partida prestatzen

Ekiza Amorebietaren aurretik dago Caparrosentzat

San Jose lesiotik osatuta, bi erdiko atzelari nafarrekin egin zuen Valentziaren aurka arituko diren titularren proba zuri-gorrien entrenatzaileak.

GARA | BILBO

Aspaldiko partez, Joaquin Caparros erdiko atzelari guztiak zelairatzeko moduan izango da igande honetan Valentziaren aurkakoan eta, hautatzeko garai egokitu zaionean, atzo Lezaman egindako probaren arabera bederen, Mikel San Jose eta Borja Ekiza dira gaur egun bere aukerarik gustukoenak.

Denboraldi hasieran Fernando Amorebietak ukiezina zirudien lerro horretan, baina denboraldian zehar izan dituen arazo fisikoen ondorioz, zuri-gorrien entrenatzaileak Ekiza gazteari aukera eman, eta oraintxe, nafar gazteak aurrea hartu diola dirudi. Hilabete askoren ostean, Bartzelonaren zelai zailean itzuli zen Amorebieta hasierako hamaikakora min hartutako San Jose ordezkatzeko, baina Liverpooletik etorritakoa behin osatuta, Txantrean hasitako bi futbolarien alde egingo duela dirudi; bizkaitarrak, hortaz, aulkian itxaron beharko du.

Atzeko lerroa osatzeko, Oscar De Marcosek beteko du eskuin hegala zigortuta dagoen Iraolaren ordez. Ezkerrean, berriz, badirudi Koikilik jokatuko duela, nahiz eta atzoko proban Xabi Castillo aritu zen leku horretan, Otxandiokoak lehenago amaitu baitzuen entrenamendua.

Zalantzak, hegaletan

Atzealdea finkatuta, erdialdean, batez ere hegaletan, pilatzen dira hasierako hamaikakoaren inguruko zalantzak. Nou Campen Gabilondo eta Susaeta txukun aritu ziren, baina etxeko partidetan David Lopez eta Iker Muniain izaten dira ohikoenak.

Aurrealdean, ia ziurra da Toquero hasierako taldera itzuliko dela Iturrasperen ordez.

Etxean sendo

Fernando Llorentek eta Igor Gabilondok Valentzia oso aurkari arriskutsua izango dela adierazi zuten atzo, baina biek argi dute «San Mamesen indartsuak» izaten jarraitzen dutela erakutsi behar dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo