GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñigo Lamarca Iturbe Arartekoa

Garai historikoak

Sortuk bere apustua egiazkoa dela erakutsi behar duela esan da, baina, zalantza izanez gero, legeztatzearen aldeko hautabidea lehenetsi beharko litzatekeela uste dugu; izan ere, legeria eskubideen eta askatasunen aldekoena den zentzuan interpretatu behar da; kasu honetan, elkartzeko, politikan parte hartzeko eta hautagai izateko eskubideen alde

Gero eta analista eta politikari gehiagok adierazten dute (alderdi askotarikoek) Euskadin aro berri bat hasten ari dela, ETAk desagertu behar duen aroa, hain zuzen. Hori egiaztatzen bada, gertakari historiko baten aurrean geundeke, berririk onenetako bat litzateke frankismoaren izugarrikeriaren ondoren Espainiara demokrazia iritsi zenetik. Bizi dugun aparteko egoera honetan, ezin dugu saihestu betebehar bat dugula aldezten ditugun helburuak betetzen laguntzeko. Horretarako, lanean jarraitu behar dugu, dagokigun oposizio-gunetik, balio demokratikoen alde eta ETAren nahiz gainontzeko talde terroristen ekintzen ondorio lazgarriei aurre egiten. Gizarte-errealitate berri baten atarian gaude, aipatutako talde terroristaren euskarriei dagokienez, eta testuinguru horretan jaio da Sortu alderdi politikoa.

Alderdi politikoei buruzko 6/2002 Lege Organikoa ezarrita, Batasuna legez kanpo geratu zen, bada, ilegalizatzea erabaki zuen epai judizialean adierazi zenez, alderdi hori ETAren zerbitzura zegoen. Egiazta daitekeenez, demokrazia-aldia hasi zenetik, euskal biztanleen artean, ezker abertzaleen gehiengoa ETA militarraren ikuspegiarekin identifikatu da, gehixeago edo gutxixeago, eta bere bilakaeran adierazpide politiko ugari izan ditu ordezkari. Azkena eta ezagunena, Batasuna.

Horrela bada, joan den otsailaren 7an, alderdi horretako bi buruzagi ezagun eta itzal handikoak agertu ziren jendaurrean, beste buruzagi askok babestuta, eta ia jende guztia aho zabalik utzi zuten adierazpenak egin zituzten. Beren proiektu politikoa defendatzeko, soil-soilik bake-bideak eta demokrazia-bideak erabiltzearen alde egingo zutela apustu berretsi zuten (Batasunaren ordezkari batzuek lehen ere esan zuten gauza bera), eta, lehendabizikoz, ETAren indarkeria gaitzesten zutela adierazi zuten. Gainera, alderdi politiko berri bat sortu zela iragarri zuten: Sortu. Biharamunean, alderdi berri horren aurkezpenak ezusteko on gehiago ekarri zituen. Bere estatutuetan, behin eta berriz eta erabat gaitzesten dira indarkeria eta terrorismoa (ETA berariaz aipatuta); hitzematen da indarkeriaz jokatzen duten taldeen mende edo zaintzapean egoteari kontra egingo zaiola; esaten da indarkeria justifikatzen edo legitimatzen duten alderdikideak alderditik botako dituztela; eta iraganarekin eta ilegalizatutako alderdi politikoekin lotura hausteko borondatea erakusten da.

Beraz, ETAren indarkeria gaitzesteko egintza historiko horrek indargabetu egiten du, guk uste, Batasuna ilegalizatzeko arrazoia, eta, bestalde, alderdiei buruzko legearen mugen barruan kokatzen du Sortu alderdia. Gure iritziz, aditu entzutetsu batzuek hautabide horren alde adierazi dituzten argudio juridiko sendoek ikaragarri ahultzen dituzte Sortu Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatzearen kontra Auzitegi Gorenak aztertuko dituen eskaeren oinarriak. Argudiatu izan da alderdi hori Batasunaren oinordeko eta jarraitzaile dela eta ETAren esanetara dagoela. Agerikoa da, ordea, ez dela ezkutatu nahi izan lehenbiziko zertzelada hori (iraganarekiko lotura hautsi nahi dela nabarmendu den arren), baina Batasunaren zuzendaritzak nahiz Sorturen bozeramaileek gertatu den berrikuntza hori azpimarratu dute: ETA gaitzesten dela, alegia. Adierazpen esplizitu eta argi horrek esan nahi du ETAk ezin duela agindu ez Batasunan, ez Sortun ere, eta, hortaz, parametro berri batzuetan oinarritu behar dela bi alderdi horien legezkotasunari dagokionez alderdien legea ezartzea. Horren haritik, Sortu alderdia Batasunaren jarraipena izatea juridikoki garrantzirik gabeko zertzelada izango litzateke, bada Batasunak berak erakutsi du ETA ekintza terroristara itzultzeko hipotesia gaitzesten duela, eta, Gernikako Akordioaren bitartez, hura desager dadin eskatu du inplizituki.

Indarkeria terrorista gaitzestea eta politika-, bake- eta demokrazia-bideak bakarrik erabiltzearen alde apustu egitea, horratx alderdien legeak alderdi politiko bat legezkoa izateko exijitzen dituen bi baldintzak. Sortuk bere apustua egiazkoa dela erakutsi behar duela esan da, baina, zalantza izanez gero, legeztatzearen aldeko hautabidea lehenetsi beharko litzatekeela uste dugu; izan ere, legeria eskubideen eta askatasunen aldekoena den zentzuan interpretatu behar da; kasu honetan, elkartzeko, politikan parte hartzeko eta hautagai izateko eskubideen alde, batez ere kontuan hartuta aniztasun politikoa Konstituzioko balio nagusietako bat dela. Gainera, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak irizpide murriztaileak erabiltzera behartzen du eskubide eta askatasunak mugatzeko orduan. Bestalde, kontuan hartu behar da Sortuk etorkizunean Alderdien Legea urratuko balu, edonoiz has litekeela hura ilegalizatzeko prozesua. Lege horrek oraintsu izan duen berrikuntzak, paradoxikoki, legeztatzearen aldeko argudio bat sor lezake, bada, alderdi politiko bat legez kanpokotzat joko balitz, beren hautagai-zerrendetan aukeratutako politika kargudunek galdu egingo lukete ordezkari kargua. Orobat, esan da Batasunaren eta Sorturen bozeramaileek ez dutela gaitzetsi ETAk egin duen terrorismoa, baizik eta gaitzespena etorkizunean gerta daitekeenera mugatzen dela. Alderdien Legeak ez du, ordea, eskakizun hori ezartzen. Gogoratu beharko litzateke, bestalde, jada desagertutako ETA pm-ko kideek ez zutela, oro har, beren ekintza kriminalengatik gaitzespen edo barkamen hitzik esan, eta haietako asko politikan sartu zirela.

Historiaren aldi berri honetan, gizarte zuzena eraiki nahi badugu, biktimez eta balio demokratikoez hitz egiten jarraitu behar da, indar handiagoz jarraitu ere. ETAren (bere bi adarren) herentzia beldurgarria da. Eraildako 840 pertsona; milaka eta milaka zauritu, lur jota utzitako milaka familia, urte askoan bizia galtzeko mehatxupean eta askatasuna murriztuta bizi izan diren milaka gizon eta emakume -tortura psikologiko itzela-, estortsioa jasandako milaka enpresaburu eta profesional eta abar. Izugarrikeria, sekulako izugarrikeria. Eusko Legebiltzarrak talde terroristen biktimei buruzko 4/2008 Legea onartu zuen, EAJ, PSE-EE, PP, Aralar, EA eta EB alderdien babesarekin. Lege horretan, beharrezko tresnak eta elementuak agertzen dira biktimei honako eskubide hauek bermatzeko: duintasuna izateko, egia jakiteko, oroitzeko, justizia izateko, kalte-ordaina jasotzeko, parte hartzeko eskubideak. Era berean, oinarriak finkatzen ditu bakerako, bizikidetasunerako eta terrorismoa etikan, gizartean eta politikan deslegitimatzeko. Hala ere, adierazi behar dugu biktimez hitz egiten dugunean, aipaturiko legeak ezartzen duenez, talde terrorista guztien biktimez hitz egiten dugula. Talde horietako batzuk Estatuko politikako eta poliziako hainbat goi arduradunen adostasunarekin eta partaidetzarekin sortu eta bultzatu ziren.

Gogoan izan behar dugu BVEk, GALek eta abarrek 70 pertsona inguru hil zituztela, eta beste hamarren bat hilketa argitu gabe geratu zirela. Eta Euskadin hogei hilketa baino gehiago burutu zituztela Comandos Autónomos Anticapitalistas izeneko taldeak eta haren antzekoek. Talde terroristen biktimen errealitateaz gain, irmoki eta estalkirik gabe aztertu behar dugu -Eusko Legebiltzarrean egiten hasi diren moduan- giza eskubideen urratze larriak nozitu dituzten beste biktima batzuena ere: motibazio politikoko testuinguruan, batez ere polizia agenteen legez kontrako jardueren ondorioz erail, zauritu eta torturatu dituzten pertsonak.

Batasunaren gizarte-oinarriak laster izango du legezko alderdi politikoa, izan ere, itxura guztien arabera, ETAk Loiolako elkarrizketak leherrarazi ondoren Batasunaren buruzagiek hasi zuten prozesuak gizarte-oinarri horretan honako ideia hau barneratzera bultzatzen du, pixkanaka eta atzera egiteko aukerarik gabe: ETAk bere proiektu politikotik kanpo geratu behar duela eta, beraz, desagertu egin behar duela. Nolanahi ere, nire iritziz, guztiz beharrezkoa da indar politikoak eta sozialak, ados jarriz eta denon ongizatea eta elkartzen gaituzten gauzak bilatuz, lanean aritzea balio demokratikoen inperioaren alde, biktima guztiak behar bezala onestearen alde, bakea oinarri sendo eta bidezkoen gainean eraikitzearen alde. Helburu horiek berehala gauzatu behar dira, ETA desagertzen modu eraginkorrean lagunduz eta, Eusko Legebiltzarrean lortzen ari diren adostasunen bitartez, lanean jarraituz balio demokratikoak -hau da, bizia eta giza eskubideak errespetatzea, aniztasuna eta ezberdintasuna errespetatzea- erabat indarrean egon daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo