GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Flash-mob»-a, erraustegiaren kontra

Gipuzkoa Zero Zabor taldeak Zubietan eraiki nahi duten errausketa plantaren kontra protesta egiteko bide berri bat jarri dute martxan: «flash-mob»-a. Asmoa, ahalik eta jende gehien dantzan jartzea «Hartu nahi dut arnas» abestiaren doinuan, eta hitzordua, Zubietan martxoaren 20an. Ekimenarekin proiektua atzera dezan eskatuko diote Aldundiari.

Nagore BELASTEGI

Gipuzkoa Zero Zabor taldeak protesta ekimen berezia antolatu du Zubietako errauste plantaren kontra, flash-mob delakoa, alegia, ahalik eta jende gehien biltzea eta guztiak dantzan jartzea. Helburua martxoaren 20an Gipuzkoa osoko herritarrak biltzea da, Aldundiari proiektua atzera dezan eskatzeko.

Erik Gonzalez eta Ainhoa Arrozpide Zero Zaborreko kideak mintzatu ziren ekimenaren gainean. Gonzalezek adierazi zuenez, toki eta egun hori aukeratzeak badu arrazoirik. Zubieta hautatu dute «gipuzkoarron hondakinak erretzeko errauste-planta toxikoa bertan eraiki nahi dutelako», eta data, aste horretan Gipuzkoan atez ateko zabor bilketa sistema martxan jarri zenetik bi urte betetzen direlako, martxoaren 16an, hain zuzen.

«Koloretako» protesta

Taldekoek ideia bera plazaratzen duen kartel bat erakutsi zuten. Marra zuri eta beltzekin erraustegi bat irudikatzen duen marrazki bat agertzen du. Horrekin erraustegia «ikuste hutsak gaixotu» egiten duela adierazi nahi dute. Hala, Gipuzkoako Aldundiak ere hori bera pentsatzen duela uste du Zero Zaborrek, Donostian jarri dutelako baina «atzeko gelan, Zubietan, inork ikus ez dezan».

Iragarri duten flas-mob horren bidez, Zubietako herritarrei elkartasuna adierazteaz gain, «koloretako mundu alai» bat nahi dutela erakutsi nahi dute, Aldundiak bultzatzen duen erraustegia «zuri-beltzeko proiektua» dela gaineratuta.

Flash-mob ezagunetako bat «Black Eyed Peas» taldearen zaleek Chicagon prestatu zutena da. Horien ereduari jarraituz, protesta alaia egingo dute gipuzkoarrek martxoaren 20an Zubietan. Eguna iristen den arte, entseguak egingo dituzte eskatzen duten Gipuzkoako herri guztietan. Hala ere, ez dakienak egunean bertan edo www.gipuzkoazz.com/zerozabor/flash-mob webgunearen bidez etxean bere kabuz ikasteko aukera izango du. Helburua gutxienez herrialde osotik etorritako 2.000 pertsona biltzea da. Koreografia Mikel Erguinek egin du eta, arduradunek diotenez, ikasteko erraza da.

«Hartu nahi dut arnas» abestia Lady Gaga ezagunaren kantu baten moldaketa da. Letra Egoitz Lasak idatzi du, eta eskuragarri dago webgunean. Hona hemen zati bat: «kontainer aurrean hartzazu ba arnas, plastikoa dut sudur zulotan, papel albala berriz enpastetan, ke beltza begietan; atez ate bilatu ta azkenean ikusi det argiya».

Arrozpidek deialdia gipuzkoar guztiei egiten dietela nabarmendu zuen, arazoa guztiena delako eta irtenbidea ere guztien esku dagoelako. Flash-moba eguerdiko ordu batean Zubietako erreboteko frontoian izango dela iragarri zuen, baina 10.30etik ekitaldiak izango direla hainbat gunetan, hala nola Euskal Herriko dantzak, dantza latinoak eta breakdance saioak. Haurrei Porrotxek eta Marimototsek irakatsiko diete dantzan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo