GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langileak kaleratzea, gero eta merkeagoa

Babckok Power enpresak atzo aurkeztu zuen erregulazio espedienteak 336 langileri eragingo die, eta ez edonola, horien lanpostuak desagerraraziko ditu eta. Babcock lehen aldiz pribatizatu zutenean enpresan zeuden langileei beste lan batzuetan jardutea eta aldez aurretiko erretiroa eskaini die SEPIk, Espainiako enpresa publikoak kudeatzen dituen elkarteak, baina langileek bermeak nahi dituzte; gainera, pribatizazio haren ondoren sartu ziren 130 langileentzat ere eskaintza bera nahi dute. SEPIk eta Lakuako gobernu autonomikoek badute erantzukizunik Babcocken itxieran; lehenak, egin zituen pribatizazio okerrengatik eta bigarrenak, orduan ez zuelako irtenbide hoberik bilatu. Nolanahi ere, Ezkerraldeko enpresa ezagun horren itxiera ez da salbuespena. Beste zenbait enpresa esanguratsu ere -hala nola Ramon Vizcaino Oiartzunen eta beste batzuk Sakanan- itxi eta beren ehunka lanpostuak ez ezik, haien menpekoak ere desagerrarazi dituzte azkenaldion. Babcokeko langileek protesta ugari egin izan dituzte enpresaren historian, baina inoiz ez oraingoa bezalako erabaki bati aurre egiteko. Izan ere, indarrean dagoen sistema ekonomiko gero eta harrapariagoak eta haren zerbitzuko lege erreformek ez dituzte langileen eskubideak aintzat hartzen. Aldi berean, langile bakarra bezala, laurehun edo mila kaleratzea gero eta merkeagoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo