Herritarren ekimenari esker, Hernanin ezin izan dituzte AHTrako lurrak desjabetu
AHTren aurkariek udaletxeko sarrera oztopatu ondoren, esku-hutsik joan ziren atzo Hernanitik AHTren lanetarako nahitaezko desjabetzen aktak sinatzera bertaratutako Gobernu espainoleko ordezkariek.
GARA | HERNANI
Otsailean Tolosan, Ibarran, Abadiñon, Urnietan, Atxondon edo Andoainen gertatu bezala, atzo Hernaniko Udalera jo zuten AHTren sustatzaileek lurrak desjabetzera. Helburua azpiegitura erraldoiaren eraikitze lanetarako beharrezko dituzten 114 lursail eurenganatzea bazuten ere, goizean goizetik udaletxe barruan eta atarian bildu zirenek Gobernu espainoleko ordezkariak esku- hutsik itzultzea lortu zuten.
Hernaniko AHTren Aurkako Asanbladaren ekimenez, goizeko zazpi eta erdiak ingururako 50 bat lagun udaletxe barruan giltzapetu ziren. Egunerako institutuetan geldialdiak deituak zituzten, beraz, zortzietatik aurrera jende ugari hasi zen herriko plazara inguratzen, eta 100 bat lagun elkartu ziren azkenean. Eraikineko balkoitik «Herriak bizirik» eta «AHT eta proiektu txikitzaile guztiak Stop» leloak agertzen zituzten kartelak zintzilikatu zituzten eta herriko beste txoko askotan ere gisako mezuak irakur zitezkeen. Hala, 9.00etan, Sustapen Ministerioko ordezkaria, Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzako idazkaria eta Urnieta-Hernani tarteko Adif-en arduradun teknikoak iritsi zirenean itxita aurkitu zuten udaletxeko atea. Kanpoan zeudenek proiektuaren aurkako leloak oihukatu zituzten; «AHTrik ez» eta «Tenéis el corazón lleno de hormigón» eta beste.
Udaletxera sartzerik ez zutela ikustean, atean oharra utzi zuten Gipuzkoako Ordezkaritzako idazkariak sinatuta, lurjabeei ezinbesteko desjabetzen aktak egiteko beste egun eta leku bat jarriko dela jakinaraziz. Hortaz, gaurko eta astelehenerako aurreikusita zeuden desjabetzak ere bertan behera geratu ziren.
AHTren Aurkako Asanbladako kideek salatu zutenez, atzoko ekintzaren aurrean ertzainen presentzia «neurrigabea» izan zen. Hala ere, pozik agertu ziren helburua bete zutelako.
AHT-ren ibilbidean aurreikusitako beste hainbat herritan bezala, Hernanin ere lehenago salatu zuten, ibilbidearen berri bazuten ere, ez herritarrek, ezta lurjabeek ere ez zutela Gobernu espainoletik, Gasteiztik edo Adif-etik inolako informaziorik jaso. Are gehiago, AHTren Aurkako Asanblako kide batek GARAri azaldu zionez, Hernanin hamar hektareako azpiestazio bat eraikitzea ere aurreikusia dago, baina, ez Udalari ez herritarrei ez diete horren gaineko informaziorik helarazi. Trena argindarrez hornitzeko azpiestazioa izango da, eta 400.000 Vko goi tentsioko lerroa abiatuko litzateke bertatik. «Lehendik ere baditugu nahiko industria arriskutsu eta kutsakor hemen. Azpiegiturak ere pilatzen ari zaizkigu inguruan», salatu zuen Asanbladako kideak.
Bihar, otsailak 26, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, desjabetzak salatzeko manifestazioa egingo da Tolosan, arratsaldeko bostetan abiatuta.