GARA > Idatzia > Mundua

SEADen 35. urteurrena ospatuko dute igandean Saharako basamortuan

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zeneko (SEAD) 35. urteurrena ospatuko dute igandean erresistentziaren ikur bilakatu den Tifariti herrian. Mundu osoko 85 estatuk SEAD onartu arren, sahararrek okupazioaren menpe edo erbestean bizi behar dute oraindik.

GARA

Maroko okupatzaileari aurre eginez Mendebaldeko Saharako herriaren erresistentziaren ikur bilakatu den Tifariti herrian ospatuko dute igandean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) sortu zeneko 35. urteurrena.

«Tifaritin antolatu ditugun ospakizunen helburua Saharako Errepublikak askatu dituen lurraldeetan bere burujabetza gauzatzeko gai dela erakustea da», azaldu zuten antolatzaileek.

SEADek 35 urte bete dituela ospatzeko atzerriko ordezkaritza ugari izango dira Tifaritin, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazioaren aldeko borrokari sostengua adierazteko. 1975ean okupatu zuen Marokok sahararren lurraldea.

Horrez gain, Saharako Maratoiaren hamaikagarren edizioan, mundu osoko korrikalariek parte hartuko dute bertako gazteekin batera. Aaiungo probintziatik abiatuko da lasterketa astelehenean. Asteartean, berriz, txirrindulari-lasterketa bat abiatuko da Smarako probintziatik Dakhlarantz.

Nazioartearen onespena

Fronte Polisarioaren datuen arabera, mundu osoko 85 estatuk onartu dute SEAD. Halaber, OUA Afrikar Batasunerako Erakundeak sahararren errepublika onartu zuen 1982an Addis Abeban egindako bilkuran.

2002an OUA desegin eta Afrikako Batasuna sortu zenean, erakunde berriaren fundatzailea izan zen SEAD.

Marokoko errege Hassan II.ak 1975an bultzatu zuen Martxa Berdearen ondorioz, Estatu espainolak Mendebaldeko Saharatik alde egin eta lurraldea okupatzaile berrien eskuetan utzi zuen Madrilgo akordioen bidez. Egoera horri aurre egiteko, Fronte Polisarioak 1976ko otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen, sahararren independentzia gosea asetzeko asmoarekin.

Sahararrek beren estatua izateko aldarrikapena blokeo egoera batean dago. Nazio Batuek deskolonizazioa gauzatzeko autodeterminazio erreferendum bat antolatzea erabaki bazuten ere, Marokok uko egin dio formula horri.

Mohammed VI.ak autonomia baino ez die eskaintzen sahararrei, beti ere Marokoren barnean. Bitartean, okupaturiko Mendebaldeko Saharako herritarren bizi baldintzek okerrera egin dute azken urteotan.

2010eko azaroan, Gdeim Izik kanpalekua paratu zuten Aiaungo kanpoaldean, euren aldarrikapenak ezagutarazteko. Marokoren erantzuna, ordea, gupidarik gabeko errepresio bortitza izan zen.

arrantza

Mendebaldeko Saharako uretan arrantza egin ahal izateko Marokorekin sinatu berri duen akordiotik kanpo geratzeko eskatu zion aho batez Gasteizko Legebiltzarrak Europar Batasunari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo