Behardun kopuruak gora egin duela-eta, La Table du Soir-ek laguntza eskatu du
Ainize BUTRON
La Table du Soir azaroaren 15ean hasi eta martxoaren 31 arte, gauero, behar gorrian den jendeari afariak eskaintzen dien elkarteak dohaintza eskaera egin du aurten.
Urtero Hotz Handia egitasmoan parte hartzen duen elkarteko laguntzaileek astelehenetik igandera apairuak eskaintzen aritzen dira Baionan.
«Iaz hurbildu zitzaigun jende kopurua asko emendatu zen, eta, ondorioz aurrekontuan 2.000 euroko defizitarekin bukatu genuen», argitu zuen Jean Michel Prieto La Table du Soir elkarteko presidenteak.
Aurten, arazo bera sor ez zedin, lekuko komertzio eta lantegiei gutun bat helarazi zieten joan den abenduan laguntza eskatuz. «80 gutun bidali ditugu, eta, horri esker 2.000 euroko defizit hori betetzea lortu dugu. Kolegio, kolektibo eta herritarrak mugitu dira dirua eskaintzeko», gehitu zuen.
Iaztik %10 hazi da La Table du Soirera hurbiltzen den lagun kopurua. Jean Michel Prietok emandako datuen arabera, orotara, 10.000 lagun igarotzen dira lau hilabetez Baionako geltokitik hurbil kokatua duten afari gunetik. «Gauero ehun lagun inguru ditugu, eta, horretarako 15.000 euroko aurrekontua dugu», esan zuen, berriz, Prietok.
Janari-bankua
Bestalde, baliatzen dituzten elikagaiak janari-bankuan eskuratzen dituztela eta, alde horretatik, haragia kopuru txikian ukan zutela gogoratu zuen. «Haragia gure kabuz erosi behar izan dugu eta hori aurrekontuan sumatu da», bukatu zuen.