GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

Piano doinuek gidatuta, otso erraldoiak ekarriko ditu Deabru Beltzak konpainiak

Deabru Beltzak taldearen otso erraldoiak Bilbo erasotzeko prest dira inauterietan. Hamelingo txirulariaren istorioa oinarri hartuta sortu dute «The wolves» (Otsoak) ikuskizuna. Txirulariaren eta arratoien ordez, piano-jotzaile eta otso erraldoiak aterako dira kalera oraingoan. Estreinaldia maiatzaren 6an izango da Britainia Handiko Norwich Norfolk jaialdian, baina aurretik, martxoaren 5ean, aurrerapen bat eskainiko dute Bilboko kaleetan.

p048_f01_97x112.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Ez dago txirularirik, piano motorizatu bat da; ez dago arratoirik, erasotzaileak otso erraldoiak dira. Hamelingo txirulariaren istorioa errepikatuko da Bilbon datorren larunbatean, Udalak inauterietarako antolatu duen Kale Nagusiko desfilean. Deabru Beltzak konpainiak argiz, suz eta efektu anitzez osatutako otso beldurgarriak kaleratuko ditu «The wolves» ikuskizunarekin.

Aratusteetan egingo dutena aurrerapentxo bat baino ez da izango. Izan ere, aurrestreinaldia apirilaren 23an izango da Bilbon bertan egingo den Kaleszena jaialdian. Estreinaldi ofiziala, berriz, Britainia Handiko Norwich Norfolk jaialdian egingo da, maiatzaren 6 eta 7an.

Bretainiako Centre National des Arts de la Rue Le Forneau-k hartu du parte ekoizpenean Deabru Beltzak taldearekin batera. Euskaldunak han izan dira egoitza-erregimen baten bitartez ikuskizuna eta hamalau kilo inguruko «otso-robotiko» hauek garatzen, besteak beste, Erwand Belland robotikako ingeniariaren laguntzarekin. «Robotikan, elektronikan eta material berrietan egindako ikerketa prozesu luze baten emaitza dira», azaldu zuten atzo.

Ikuskizunean bost artistak hartuko dute parte eta Garbitxu taldeko zuzendariak azaldu zuenez, «lehenengo piano motorizatua eramango dugu. Joystick baten bidez mugitzen da eta guk mozorrotu egin dugu, otso baten buru barruan sartuta».

Deabru Beltzak 1996an sortu zen eta lehenengo emanaldia Lekeition egin zuten. Geroztik, hamar muntaia egin dituzte eta nazioartean egin dituzte funtzio gehienak. Garbitxuren esanetan, «gure merkatuaren %40 frantziarra da». «The wolves» ikuskizunarekin ere hainbat jaialditan izango dira. Aipatutakoez gain, Leioan, Gasteizen, Lekeition, Biarritzen eta Libournen, esaterako.

SUA ETA EFEKTUAK

Iluntasunean agertuko dira Deabru Beltzak konpainiak sortutako otso robotikoak. Hamalau kilo inguru pisatzen dute eta sua, argiak eta aire konprimitu efektuak erabiliko dituzte herritarrak kikiltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo