«Bi herri irrintzi bat», Bilbon eta Donostian Sahararen alde
2009ko Durangoko Azokaren karira, «Bi herri, irrintzi bat» bilduma ekoiztu zuen MusikHerria diskoetxeak, Saharako eta Euskal Herriko musikarien partaidetzarekin. Urtebetera, zuzeneko aurkezpenak egingo dituzte Bilbon eta Donostian, aurki otsailaren 27a dela-eta.
Anartz BILBAO | BILBO
Data berezia da otsailaren 27a saharar herriarentzat, orduan betetzen baitira 35 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutela. Eta data esanguratsu horren bueltan gauden honetan, saharar herriaren aldeko Elkartasun Hamabostaldia ospatzen ari dira gurean, makina bat hiri eta herritan.
Ospakizunok musika jaialdia ere izango dute, gaur Bilbon (21.00etan Bilborock aretoan, doan), eta gaur zortzi Donostian (21.30ean Guardetxean, doan), MusikHerria diskoetxeko bost talderen parte hartzearekin. Antxu dugu antolatzaileetako bat, saharar errefuxiatuen kanpamenduetara egindako bidaia pare baten ostean «Bi herri, irrintzi bat» bilduma atondu zuena. «Makina bat talderi deia egin eta urtebeteko epea eman genien saharar herriari buruz kantu bat egin zezaten, eta bertako musikari batzuekin batera bilduma batean plazaratu genuen -adierazi digu-. Zuzeneko aurkezpenak egiteko ordua heldu zaigu orain, sahararrek data esanguratsua ospatzen dutela baliatuz».
Beraz, hitzaldi, manifestaldi eta bestez osatutako egitarauaren barruan, gaur Bilborock aretoan 121 Krew eta Norte Apatxe bizkaitar rap taldeak, Siroka laukotea, Jonu bakarlaria eta Ipar Euskal Herriko Mix6t taularatuko dira, Sahararen alde. «Asmoa talde bakoitzak hogei bat minutuz jotzea da, tartean bildumarako egin zuen kantua -guztiek parte hartu zuten «Bi herri, irrintzi bat» diskoan-. Eta jaialdia Yal-Lah gazte taldearen laguntzaz antolatua dagoenez, musika taldeen arteko txanda aldaketetan antzerki, performance eta bideo emanaldi laburrak izango dira, beti ere Saharari buruzkoak», agertu digu Antxuk. «Gainera, Arte Ederretako bi ikaslek mural handi bat margotuko dute jaialdiak iraun bitartean, bukaeran bertaratuko diren guztien artean zozketatuko dena».
Kontzientziak piztu
Gaur Bilbon eta martxoaren 4an Donostian, jaialdiak doako sarrera izango du, «helburua musikaren bidez kontzientziazio kanpaina bat garatzea baita, sahararren aldekoa». Eta bertaratu ezin duenak Interneten jarraitu ahal izango du livestream bidez, www.saharatik.com atarian.
«Bi herri, irrintzi bat» diskoak 1.500 ale saldu zituen eta dagoeneko agortuta dago, baina eskuratu nahi duen orok MusikHerriaren ataritik jaits dezake libre, copyleft lizentzia baitu.
Troublemakera Blues Review: 23.00etan Atxulondon.
44 Dealers: .12.00ean Egarrin.
Red House: 1.30ean Pasusen.