Mississippi eta Oria ibaietako urak elkartuko dira Zizurkilgo blues gauan
A. BILBAO | BILBO
Herriko taberna banatan jatorri ezberdineko hiru blues talde ariko dira bihar Zizurkilen, bederatzigarren blues jaialdian. Festa Atxulondo tabernan hasiko da, La Cabra Mecanica talde sonatuko buru izandako Lichisek Def Con Dos taldeko Manolo del Campo eta Calamaroren taldeko gitarra-jotzaile Julian Kanevskyrekin osatu duen The Troublemakers Blues Review taldearekin. Hirukoteak Chicagon 50eko hamarkadan puri-purian zen bluesa du ardatz, «Chicano blues» lanean agertzen dutenez.
Behin gauerdia igarota, Egarri tabernan jarraituko du jaialdiak, The 44 Dealersekin. Madrildar taldea eskarmentu handiko musikariek osatzen dute, eta hauek ere Chicagoko uretatik edan dute, Muddy Waters, Elmore James edo Howlin' Wolf basapiztiari gorazarre egiteko, blues likits eta koipetsua joaz. «Welcome to the Big Fat and Greasy Blues Sound» da Errabal euskal zigiluan plazaratu berri duten lana.
Egitaraua Red House bikoteak itxiko du Pasus tabernan. Jeff Espinoza kaliforniarrak eta Francisco Simon madrildarrak osatzen du R & B klasikoa jorratu eta zuzeneko sutsua duen Red House -Hendrixen kantu batek ematen die izena-. «Chihuahua Boogie» dute azken lana, honakoa ere Errabal zigiluan plazaratua. Jaialdi ofiziala aipatutako hiru taldeen partaidetzarekin bukatzen da, baina batek daki behin ordu txikietan sartuta taldeen arteko nahasketa edo herriko blueszaleen jarduna ezagutzerik izango den, igandea argitu bitarte.