AIPAGARRIAK
Anjel Alkain: «Saio sinpatiko, alai eta informala egitea da gure helburua»
M. LARRINAGA | DONOSTIA
ETB bere programazio berria aurkezten ari da egunotan eta atzo Anjel Alkain aktore ezagunak zuzenduko duen saioa aurkeztu zuen: «Finlandia». «Wazemank» eta «Noaoa» saioetako lantaldeko kide ia gehienekin, umorez betetako saio berria eskainiko du ETB-1ek larunbat gauean, 21.45ean.
Edukiak ahalik eta modu informalenean emango ditu taldeak, beti ere, larunbat gaua dela kontuan hartuz. Hori dela eta, familiako kide guztientzat egokiak diren gaiak landuko dira. «Batzuk barre egiteko eta besteak informatiboagoak izango dira», azaldu zuen atzo Alkainek saioaren aurkezpenean.
Aurkezleak Aitziber Garmendia eta Ainere Tolosa izango dira eta hortik aurrera urte hauetan famatu bihurtu diren hainbat pertsonaia agertuko dira saioan zehar; hala nola, Autopatxi edota Julian Iantzi, besteak beste.
Astero gonbidatu bat izango dute platoan eta bi aurkezleekin batera, pertsonaia horien kontu eta galderak erantzun beharko dituzte. «Gonbidatuekin jolas egingo dugu», esan zuen Alkainek. Hala, biharko lehen saioan Oinatz Bengoetxea pilotaria izango da lehen gonbidatua.
Gehienetan esketxak egiten ikusi ditugun aktoreak diren arren, honakoan platoak izango du garrantzia gehien saioan; gainera, «Friends» telesaileko dekoratua ekarriko du gogora, Central Perk taberna, alegia.
Hala, saioan izango den esketx bakarra ETBko «Kerman Mintzalagun» saioaren parodia izango da, baina honakoan Kerman gaztelania ikasten jarriko dute «German el hablador» bihurtuz.
Animalia eta guzti
Saioak «Finlandia» izena duenez gero, zuzendariak elur orein bat gehitu nahi izan dio lantaldeari. Oraindik funtzio finkorik ezarri ez dioten arren, elementu finlandiar bat gehitzea garrantzitsua iruditzen zitzaion Alkaini, «elementu finlandiarra jartzeak badu zentzua», baieztatu zuen aktoreak.
Aktoreez eta esketxez gain, Eriz magoa ere izango da bertan bere emanaldi txikiekin, bai eta Euskal Herriko herri ugaritako gazte koadrilak ere. Astero, elkarren artean lehia duten bi herrietako koadrilak agertuko dira «Desapiyua» atalean, eta bien arteko desafio bitxia ikusi ahal izango dute euren herrikide eta ikus-entzule guztiek. Besteak beste, Lekeitio eta Ondarroa arraunean arituko dira; Azkoitia eta Azpeitia simaur artean ibiliko dira; eta Urretxu eta Zumarraga sofa-koadrigan lehiatuko dira. Umorerik ez da faltako larunbatetan ETB-1en.