GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Buruko finala

Saltsa bila kubatarraren erresuman

Waltari amerikarrak Kurutxariren aurka jokatuko du gaur Donibane Garazin (17.00). Biak finalerdietako ligaxkan neurtu ziren, eta euskaldunak hamabost kintze bakarrik egin zituen.

p052_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Agusti Waltari eta Andde Kurutxari neurtuko dira gaur arratsaldean bostetatik aurrera Donibane Garazin, Garat trinketean Buruz Buruko finalean. Kubatarrak laugarren finala izango du, eta Kurutxarik, berriz bigarrena. Amerikarrak azkeneko hiru finalak irabazi ditu erreskadan, eta Nafarroa Beherekoak, berriz, 2005ean jokatu zuen Ozafrainekin, eta 40-17 galdu zuen.

Waltari faborito garbia aterako da, eta seguruenik ere ez da diru asko jokatuko. Bien arteko neurketen azkeneko erreferentzia izateko ez da oso atzera egin behar, orain dela hilabete eskas neurtu baitziren finalerdietako ligaxkan, eta 40-15 irabazi zuen Waltarik. Beraz, faborito oso garbia izango da. Kurutxarik ere baditu, ordea, aldeko gauzak. Alde batetik, galtzeko ez du ezer, normalena bere aurkariak irabaztea izango baita. Trinketa ere oso ongi ezagutzen du, eta primeran doakio. Beraz, lasaitasunarekin kantxaratuko da, eta Waltari estutzeko prest. Amerikarrarentzat lehengo trinketak ez dira agian egokienak, baina horietan gero eta hobekiago moldatzen da, eta berak irabazitako azkeneko txapela han irabazi zuen, pasa den urtearen amaieran, Harizmendi mendean hartu eta Superprestigioa bereganatu baitzuen.

Binakakoa

Buruz Burukoa gaur amaituko da, baina jadanik Binakakoaren lehen fasea ere ari da jokatzen, eta laugarren partida ostegunean jokatu zen Baionan, Saint Andre trinketean. Bertan Intxauspek eta Jannotsek 40 eta 21 hartu zituzten mendean Agirre eta Bonebeltxe. Irabazleak beti markagailuan aitzinetik izan ziren, eta aparteko eragozpenik gabe lortu zuten garaipena. Markagailua honela joan zen: 1-1, 2-2, 8-2, 13-5, 22-10, 26-11, 30-15 eta 40-21. Saketik, 11 kintze egin zituen Intxauspek eta 4 besterik ez Agirrek. Jokoan, 19 tanto egin zituzten irabazleek, eta 7 galtzaileek. Galdu, berriz, bakoitzak 10 egin zituzten. Jarraipena gaur izango du, finalaren aitzinetik, beste partida bat jokatuko baita 16.00etan. Intxauspe eta Jannnots Ezkurra I.aren eta Lanberten aurka lehiatuko dira. Gaurkoa irabazten badute, ia-ia hurrengo fasean izango dira Intxauspe eta Jannots.

«Nik ez dut inoiz final baten aurrean neure burua faborito ikusten»
 
Agusti WALTARI I Pilotaria
Azken hiru urte hauetako txapelduna da Agusti Waltari kubatarra. Aurtengorako ere faborito nagusia da, baina berak ez ditu gauzak horren garbi ikusten, eta burua altxatu gabe lan egingo duela segurtatzen du.
Nola zaude gaurko finalaren atarian?

Ongi, oso ongi. Eskuak, zangoak, denak ongi dauzkat eta finala jokatzeko gogoz nago. Egun ederrak izaten dira honelako partidak.

Denen ustez faborito garbia zara, eta are gehiago ligaxkan Kurutxari nola menderatu zenuen ikusita. Zuk zer diozu?

Jendeak erreferentzia gisa ligaxkako partida hartuko du, eta egia da orduan astindu handia eman niola, baina finala beste kontu bat izango da. Uste dut Kurutxarik orduan ez zuela egin zekien guztia. Berak bazekien-eta bi partida irabazita finalean izango zela. Gaurkoa uste dut beste neurketa bat izango dela, oso ezberdina.

Faborito izate horrek sortzen al dizu kezkarik?

Batere ez. Nik ez dut nire burua faborito ikusten, eta irabazten baldin badut, bihar hasiko naiz ikusten ni nintzela faborito, bitartean ez. Nik neure lana egin behar dut, eta horretara joango naiz. Jendeak faborito naizela esaten duelako txapela irabaziko dudala pentsatuz joaten banaiz, egon seguru ez dudala irabaziko, beraz, ez dut horrekin deborarik galtzen, nik nire lana egin behar dut.

Aurreko final guztiak Baionan jokatu dituzu, eta hau Donibane Garazin izango da. Gustatzen al zaizu Garat?

Gero eta gehiago gustatzen zait Garat. Gero eta gusturago ari naiz han jokatzen, eta Superprestigioa ere han irabazi nuen. Ez dauka zerikusirik Modernerekin, baina aitzakiarik ere ez dauka.

Lehen batzuek esaten zuten kristalezko trinketetatik zaharretara pasatutakoan asko jaisten zela zure jokoa. Zer esango zenieke orain?

Jendeak tontakeria asko esaten ditu, eta hori ere horietako bat da. Egia da kristalezkoetan eroso aritzen naizela, baina baita zaharretan ere, eta gero eta erosoago horietan ere, eta ikusi besterik ez dago. Azken bi urteetan Superprestigioa irabazi dut, eta hori Donibane Garazin jokatzen da.

Gaurko finalean sakeak garrantzi handia izango al du?

Dudarik gabe. Bakarkakoan, sakeak sekulako garrantzia dauka, eta gaur ere bai. Saiatuko naiz sakea ahalik eta gaiztoena ateratzen, hor min handia egingo baita, eta gehien asmatzen duenak eramango du txapela.

Kurutxariren jokoa ikusita, zerk ematen dizu kezkarik gehien?

Trinketak. Bera Donibane Garaziko trinketean hazitakoa da, eta oso ongi ezagutzen du. Bertako zirrikitu guztiak primeran ezagutzen ditu, eta aurkariaren jokoa oso ongi ixten du, eta ez da batere erraza izango han mendean hartzea. Garbi dago finalean sartu bada, ez dela kasualitatez izan.

Azken urte hauetan lehian dauden lau txapel garrantzitsuenak irabazi dituzu, eta gero eta errazago gainera. Ez al zara aspertzen?

Ez, ez. Behin txapel bat lortutakoan, beste bat, eta beste bat nahi izaten da. Irabazten ez naiz ni behin ere aspertzen, eta ahal dudan bitartean horretan jarraituko dut. Superprestigioa irabazi dut, eta orain Bakarkako finala jokatu behar dut. Hau igarotzen denean Binakakoan pentsatzen hasiko naiz, hura ere irabazi egin nahi baitut, eta horrela jarraituko dut.

Zure jokoaren aurkakoak ere izan dira batzuk. Zer diote haiek orain?

Gutxiengo bat izan da, eta pilotari konkretu baten ingurukoak. Orain, ordea, ezin naiz ni izan beraien arazo bakarra. Ez ditu final-zortzirenak gainditu, eta uste dut orain arazoa handitzen ari dela. Nik ez diet jaramon gehiegirik egin, kritika egitea erraza delako, baina nik banekien gutxiengo bat zela, eta aurrera egin dut, eta horrelaxe egingo dut, aitzinera beti. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo