GARA > Idatzia > Kultura

Emakumeen aldeko eta galtzaileei buruzko poesiak izan dira Irun Hiriko Kutxa sarien irabazleak

Asier Serranok, ohi bezala, galtzaileei buruz hitz egiten du bere «Desterratuen piztiarioa»n eta Fatima Moreirak, aldiz, «bakearen alde lan egin duten emakumeak» omentzen ditu «Andromeda encadenada» obran.

p057_f03_148x104.jpg

M. LARRINAGA |

Irun Hiriko Kutxa Literatur sarien berrogeigarren edizioan Ignacio Ferrando Perez asturiarra, Fatima Moreira Frutos donostiarra eta Asier Serrano Lasa eibartarra suertatu dira irabazleak. Sarituak eta irabazleak zein diren atzo eman zuten jakitera, nahiz eta sari banaketa maiatzan egingo den. Lau alorretan banatzen dituzte sariak: batetik, euskarazko eta gaztelaniazko eleberria (bakoitza 25.000 euroko sariarekin), eta bestetik, euskarazko eta gaztelaniazko poesia (15.000 eurekin).

Euskarazko eleberriaren atalean aurten saririk ez ematea erabaki du epaimahaiak. Jose Maria Iriondo, Paulo Iztueta, Felipe Juaristi, Txuma Lasagabaster eta Arantxa Urretabizkaia izan dira epaimahaikideak, eta Juaristik azaldu zuenez, aurkeztutako zazpi lanen artean batek ere ez zuen saria jasotzeko adinako kalitaterik.

Alvaro Bermejo, Jose Manuel Costas, Maria Luisa Echenique, Mitxel Ezquiaga eta Raul Guerra Garrido izan dira gaztelaniaz idatzitako eleberriaren sariaren epaileak, eta Ignacio Ferrando Perez izendatu dute irabazle, bere «Un centimetro de mar» lanarengatik. Bermejok azaldu zuenez, aldi berean errealista eta metafisikoa da lan hau, eta ia aho batez hartu zuten saritzeko erabakia. «Aspaldian irakurritakotik gehien gustatu zaigun eleberria da hau», azaldu zuen Bermejok. Istorioak gizon bati buruz hitz egiten du. Zentimetro bat itsaso bilatuko du ozeanoan barrena, espazioa eta denbora gurutzatzen diren puntuaren bila ari dela. Gainera, «biziarekin eta heriotzarekin egiten du jolas etengabe», gaineratu zuen Bermejok.

Idazten jarraitzeko hatsa

Igancio Ferrando Perezek hiru urte igaro zituen eleberria idazten, egunean zehar Madrilgo unibertsitate batean klaseak ematen baititu. Sariarekin editore bat aurkitzea espero du Ferrando Perezek.

Poesia alorrean, euskarazko irabazlea Asier Serrano Lasa izan da, bere «Desterratuen piztiarioa» lanari esker. Sariak ustekabean harrapatu duela azaldu zuen idazleak; izan ere, berak parte hartu duen lehen lehiaketa izan da Irun Hiriko Kutxa sari hau, eta, gainera, kasualitatez aurkeztu zela aitortu zuen. Iaz kaleratu zuen «Hiri gorritik» poema liburua eta horren kaleratzearen lanean zebilela jakin zuen lehiaketa honi buruz, eta une horretan lantzen ari zen obra aurkeztea erabaki zuen. Idazlearen hitzetan, galtzaileei buruz hitz egiten duen obra hau irabazle gertatu izana «paradoxikoa» da. Ez zuen oso argi saria lortzeko aukerarik ote zuen, egitura eta forma aldetik poesia liburu ezberdina baita: egitura klasikotik urruntzen den liburua da honakoa, eta gainera, ez dago kapituluetan banaturik eta poemek ez dute izenbururik. «Nire beste estilo berri baten bilaketa moduan egin nuen», azaldu zuen Serranok. Baina, sari hau «soldata txiki bat» dela aitortu zuen eibartarrak, idazten jarraitzen lagunduko diona.

Azkenik, gaztelaniazko poesia arloan Fatima Moreira Frutos saritu zuen epaimahaiak «Andromeda encadenada» poesia liburuarengatik. Hau, Moreirak berak azaldu zuenez, «bakearen alde lan egin duten emakume horiei egindako omenaldia da». «Bakearen aldeko eta feminista den poema liburu bat saritu izana guztion garaipena dela uste dut. Gainera, martxoaren 8a gertu izanik, are garrantzitsuagoa da. Euskal Herriko emakume sortzaile guztiei eskaini nahi diet, askotan ikusezinak baikara». Sari honek idazten jarraitzeko hatsa ematen diola esan zuen Moreirak; izan ere, «emakume sortzaileek izaten duten bakartasuna oso nabaria izaten da batzuetan eta saritua izanak artearen alde borrokan jarraitu behar dela adierazi nahi du», azaldu zuen idazleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo