GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ez zaitezte eser, demontre!

Aulkia eta mahaia. Azala eta hezurra. Batak bestea beharko. Aulki elektrikoa izan daiteke mahairik behar ez duen bakarra, nahiz eta elektrikararen ostean gorpua mahai gainean jartzen duten, zerk hil duen jakiteko. Tira, harira! Beheko Estatuan aulkiak orain hogeita hamar urte hartu zuen aparteko ospea, buruko kuriosoa zuen berdezko morroi bat hango Jauregira elefantea traste-denda batera bezala sartu eta historiarako bitxikeria hau, orain euskaratua, utzi zuenekoan: eser zaitezte, koņo! Eta hauxe kolpea! Bertan ziren guztiak A eredukoak izanda ere, zer egin eta guztiak aulki azpira sartu. Ez esan kolpea ez denik, morroiak esertzeko agindua eman eta denak aulkiaren azpian eseri. Espainiar horiek burutik jota zeudek/n, esango luke baten batek. Total, parlamentuen historiari erreparatuta, litekeena da une bakarra izana parlamentariek eserlekua berotzen ez dutena, gainetik esan nahi dut.

Hogeita hamar urte pasatu dira harrezkero. Eta badira denboraldi hori ziegaz ziega pasatu duten euskaldunak, oso-osoan; are gehiago, aulkiaren pasadizoa bera ziegatik sentitu zutenak. Laster omen dira kalera irtetekoak, justiziaren artzapezpikuen doktrina guztiak agortuta. Ongi etorriak legez erdi-itxitako plaza irekietara. Baina zer geratzen da gaur orduko alderantzizko esertze hartatik? Indarrean den lehendakariak diskurtso batzuetan erabili izan duen koņo horretaz aparte esan nahi dut. Zer geratu? Bada, lehen aulkiak izan zuen protagonismoa orain mahaiak galdu duena bera dela. Horra lehendakariaren oraingo bitxikeria alderdien arteko mahaiaz ari denean: ez zaitezte eser, koņo! Baina orduko hartan aulkian bezala, oraingoan ere batzuk mahaiaren azpian daude, gainekoa ez ikusteko irrikitan.

Eta bitartean klimaren aldaketa delakoa aurrera doa, heriotza-korridorean bertan ere, aulki-gain eta mahai-gain hutsen artetik aurrera joan ere; aulki-azpiak eta mahai-azpiak politikariz lepo izan arren, aurrera. Hemengo aditu batzuen esanetan, aditu guztiak arituak ez badira ere, une ezin egokiagoa da klimaxaren beroketa globalarena kutxen fusioa hotzik gabe beroa izan dadin. Errauste-plantaren beroa baliatu nahi izango dute kutxen galdara berotzeko. Helburua, nonbait, merkatuak baretzea. Kutxen fusio epela nahiago dut, merkatuak urduritzen dituena. Bai horixe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo